"Besaidek dinamika bat hartu du eta hori mantentzeko gai da, elkartea bizirik dagoen seinale"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 22a, 16:55
Atzo, eguena, egin zuen Besaide Mendizale elkarteak urteko batzar orokorra, eta 2010erako ekintzak eta diru kontuak izan zituzten berbagai. Roman Martinez (Arrasate, 1966) lehendakariarekin egon gara, eta Besaide "bizirik" dagoela dio.

Nola heldu zara elkarteko lehendakari izatera?
Beste zuzendaritza batzorde batean egondakoa nintzen. Elkartearekiko nolabaiteko atxikimendua izan dut betidanik, gaztaroan aisialdiko hamaika une erlazionatzen ditut elkartearekin, oso une ederrak bizi izan nituelako. 

Iaz zuzendaritza taldeak errelebo falta izan zuen...
Hala da. Iaz zuzendaritza taldeak erreleboa eskatu zuen baina ez zen inor aurkeztu, in-pass egoera batean sartu zen elkartea. Hala, elkartearen ekintzak bertan behera geratzeko mehatxua ere zabaldu zen.
Hori ikusita, lagun talde bat elkartu eta erreleboa hartzea erabaki genuen. Bederatzi lagun batu ginen eta niri egokitu zitzaidan lehendakari izatea, finean, norbait izan behar delako. Zuzendaritza taldekoez gain, sail ezberdinek arduraduna daukate. Ondo funtzionatzen dugu eta iazko eskarmentuaren ostean, ilusio eta gogoz ari gara lanean. Orain dezente lasaiago gaude.

Besaide elkartea antolatzen dituen hamaika ekintzengatik da ospetsu. Zer aurreratuko zenuke urte berrirako?
Azken urteetako dinamikarekin jarraituko dugu. Mendi eskiari dagokionez urtarriletik apirilera lau irteera aurreikusi ditugu. Lehena hilaren 17 eta 18ko asteburuan egin genuen; autobusa bete egin zen, gainera. Beste hiru geratzen dira, eta hilero bat egingo dugu.
Bestalde, eski alpino eskaintza ere mantenduko dugu. Hemen ere hilero aste bukaerako irteera bat egingo dugu. Aurten ere formigalera joango gara. Gainera, astebeteko egonaldia ere egingo da alpeetan.
Eta nola ez, mendi irteerak ere egingo ditugu. Otsailetik abendura bitartean hilero irteera bat egingo dugu Euskal Herriko paraje ezberdinetan zehar. Mendiarekin jarraituz, mendi bizikleta irteera bi egingo dira, bat udaberrian eta bestea udazkenean.

Ba al duzue berritasun aipagarririk? Edo erronka berririk?
Aurten espeleologia sailari bultzada berezia eman gura diogu. Izan ere, azken urteetan etenda egon da eta sail hori suspertzeko asmoa dugu. Lehen esperientzia egin genuen abenduan eta jende larregi agertu ez bazen ere, irteera aberasgarria izan zen oso. Hala, Debagoieneko barrunbeak ezagutuz lelopean aurten beste hiru irteera egitea pentsatu dugu.
Bestalde, gaztetxoak hurbiltzeko erronka jarri diogu elkarteari. Nerabezaroan dauden gaztetxoei mendia gerturatu gura diegu, mendizaletasuna piztu. Bi ekintza aurreikusten ditugu, baina oraindik zehaztu gabe daude. Ez du-eta kartelak jartzeak balio, gaztetxoekin zuzenean jarri behar gara harremanetan; liderra dena edo jendea dinamizatzeko gai dena detektatu, eta berarekin berba egin.

2009a, urte ona Besaiderentzat?
Datu bat: iaz 1320 erabilera izan genituen. Erabilera, eta ez erabiltzaile; ez da berdina. 1320 horietatik asko errepikatu egiten dira. Hala ere, zifra nahiko esanguratsua dela deritzot, eta elkartea herrian presente dagoela adierazten du. Beste datu esanguratsu bat da ekintza guztietatik bi bakarrik ezin izan zirela gauzatu: mendi eskiko irteera bat elur larregi zegoelako eta eski alpinoko beste bat jende faltagatik.
Elkarteak dinamika bat hartu du eta dinamika hori mantentzeko gai da. Elkartea bizirik dagoen adierazle garbia da.

Hainbat elkartek diru arazoak izaten dituzte. Nola dago Besaide ekonomikoki?
Elkartea diru aldetik osasuntsu dago, kudeaketa ona egin den seinale. Ekintzak egiteko dirua egon, badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak