Datorren ekainaren 14an, 10:00etan abiaraziko dute aurtengo Elkartasun Eguna, X. edizioa. Ekimenen artean, betikoak eta berriak iragarri dituzte antolatzaileek. Hala, ohikoen artean, bidezko merkataritzan oinarritutako produktuak dastatzeko eta erosteko azokatxoa izango da. Hortxe ipiniko dituzte, baita ere, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen produktuak salgai; adibidez, saharar tea eta hango dantzak erakusteko tailerra izango dira eta Oporrak Bakean izeneko proiektuari laguntzeko taloak salduko dituzte.
Ohiko ekitaldiekin jarraituz, aurten ere ipiniko dute tonbola, Ibai Arte merkatarien elkarteak emandako produktuekin; 10:00etan hasiko dira txartelak saltzen. Eta aurten ere, Eroski Bidaiak enpresak emandako opari berezia ere sartuko dute tonbola horretan, baita UMU jantzi dendak emandako opari berezia ere. Azken bi sari horiek 19:30ean zozkatuko dituzte, plazan bertan. Batutako dirua Indiako Ankur umezurtz-etxera bidaliko dute.
Hortik aparte, badira nabarmentzeko moduko bestelako ekitaldi batzuk. Adibidez, 12:00etan Zaramasamba taldearen doinu alaiek beteko dute plaza (samba eta batuka). 17:00etatik 19:00etara, berriz, umeendako jolasak izango dira, Txatxilipurdiren eskutik. Eta 20:00etan Mugarik Gabeko Zinema jardunaldien itxiera egingo dute, Urre Beltza dokumentalarekin. Bidezko merkataritzan oinarrituta, Etiopiako kafea du berbagai lan horrek. Hain justu, kafe berori erosi eta dastatzeko aukera izango da Elkartasun Egunean.
Mugarik gabeko zinema
Bestalde, elkartasun kontuekin segituz, "elkartasuna, berdintasuna, batasuna" eta antzeko printzipioak bultzatzea helburu duen zinema jardunaldiak antolatu ditu Elkarhezitzen Lan Taldeak. Astelehenetik zapatura izango dira emanaldiak, Kulturaten. Eta egun bakoitzean film labur eta luze bana emango dituzte. Diktadura, isolamendua, emakumeen eskubideak, adimen urrikoak, hezkuntza eta tolerantzia, etorkinak eta bidezko merkataritza landuko dituzte filmen bitartez. Sarrera doan da.
Filmen zerrenda
9, astelehena
20:00 Paseo film laburra / Madres film luzea.
10, martitzena
20:00 Republica Banana laburra / Caribeños del Sahara luzea eta NUBIrekin mahaingurua
11 eguaztena
20:00 Nasija film laburra / Sister in Law film luzea
12, eguena
20:00 As de Corazones film laburra, adimen urrikoek eginda eta mahaingurua, Atzegikoekin
13, egubakoitza
20:00 El viaje de Said laburra / Clandestinos luzea eta Arrasateko etorkinen gaineko azterketaren aurkezpena
14, zapatua
20:00 Strike 2 laburra / Oro Negro film luzea eta Etiopiako kafearen dastatzea