Elkartasuna eta musika eskaintza zabala zapatukoa

Iker Barandiaran 2009ko eka. 8a, 01:54
Dagoeneko dudarik ez zegoen arren, laugarren edizioan argi geratu da Elkartasun Eguna aldarrikapen zabal baten aldeko ekimena izateaz gain, musika eta esku-hartzearen aldetik ere itzela dela; izugarria eskaintza eta herritarren erantzuna.

Herri bazkariaren ostean, ia hogei taldek egin zituzten kontzertuak taberna kopuru berean, eta gehienak bete-beteta egon ziren. Nabarmentzekoak? Ain_1 eta Anger taldeek elkarrekin nahastuta Monten egindako ikuskizuna, Fiachras taldeak Irati garagardoz eta malenkoniaz bete izana, Xasta taldeak eskainitako Rage Against The Machine-n bertsio sorta borobila, Mery May bakarka zein taldean (birritan) aritu behar izana eta beste asko.
Gauean, kontzertu erraldoia, atzerriko talde gonbidatuekin. Euriaren beldur, Portaloira Topaguneak Iturripera eraman zuen jaialdia. Arrasateko Aggresive Combat izan zen lehena. Des-Kontroleko Magu-ren laguntzarekin (gitarra jotzen) kantu ezagunenak eta Cock Sparrer eta bestelako punk-Oi! taldeen bertsioak eskaini zituzten. Ez hori bakarrik, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean ere jo zuten, eta ikusleek kantuan hartu zuten euskal klasikoa.

Tradizioa eraldatzen

Horien ostean, Irlandako Blood or Whiskey taldekoak gogotsu irten ziren agertokira. Esku-soinua, banjoa, txirula, gitarrak, baxua eta bateria aldean zituztela, Irlandako folkaren bertsio azkar-azkar eta ganberroa egin zuten, punk-rock-arekin mugan dagoena; ez ziren une bat ere gelditu. Ederto; pena, soinuak ez ziela larregi lagundu.

Alemaniarrak, hunkituta 

Jarraian, Die Walter Elf. 80ko hamarkadakoak, iraganean Leintz ibarrean oso ezagunak egin ziren, nahiz eta Euskal Herrira inoiz ez etorri. Punk melodikoa, tronpetekin lagunduta, konposizio dantzagarri bezain itsaskorrak eta umorea barra-barra. Oso soinu ona eta kantu borobilak: Heut´oder nie lehen diskoko hit guztiak jo zituzten, askoren gozamenerako; eta eurak ere hunkitu egin ziren. Ziur berriro etorriko direla! Zoritxarrez, Des-Kontrol eta Arkada Sozial ezin izan genituen ikusi, baina jaiak jarraitu egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak