Elkartasun Eguneko ekitaldiak debekatzeko eskatu diote Auzitegi Nazionalari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko maiatzaren 27a

Dignidad y Justicia deritzon elkarteak egin du Portaloira Topaguneak antolatzen duen Elkartasun Eguna debekatzeko eskaera. Portaloira topaguneak ez du baloraziorik egin gura izan jakinarazpen ofiziala izan arte. Datorren martitzenean, ekainak 2, prentsaurrekoa egingo dute gaiaren inguruan euren iritzia emateko. Arazorik ezean, ekainaren 6an ospatuko da aurten Elkartasun Eguna.

Dignidad y Justiciak, euren burua terrorismoaren biktimen elkarte moduan aurkezten duen taldeak, Portaloira Topaguneak antolatzen duen Elkartasun Eguneko ekitaldiak debekatzeko eskaera egin zuen martitzenean Madrilen. Auzitegi Nazionalari, hain justu, egin zioten eskaera.
Euskal preso politikoei elkartasuna adierazi eta euren eskubideak aldarrikatzea helburu duen ekimenak terrorismoa goraipatzen duela dio Dignidad y Justiciak. Arrasaten ez ezik, Hernani eta Algortako Elkartasun Egunak ere debekatu gura ditu aipatu elkarteak. Debekua posible egiteko Polizia Nazionalari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari eskatu diete ekitaldiok aztertu eta euren izaeraren berri ematea. Aurkeztu agirian azaldu dutenez, "ETAren presoei elkartasuna adierazteko ekitaldiak dira, eta beraz, ETAren presoak goraipatzea dute helburu". Hala, terrorismoa goraipatzeko ekitaldi moduan ulertzen dituzte ekitaldi hauek guztiak.


Jakinarazpen ofizialaren zain
Portaloira Topaguneak presoen eskubideen alde egiten du urte osoan zehar eta sentsibilitate aniztasuna nagusi da topaguneko kideen artean. Elkartasun Eguna da antolatzen duten ekimen garrantzitsuena, baina ez da bakarra. Esate baterako, joan den maiatzaren 16an Amaia antzokian egin zen espetxe politika salatzeko ekitaldi berezia eurek antolatu zuten.
Diginidad y Justicia elkarteak jarritako salaketaren inguruan Portaloira Topaguneak ez du baloraziorik egin gura izan jakinarazpen ofiziala esku artean izan arte. Izan ere, eurekin harremanetan jarri ostean, oraingoz dakitena komunikabideen bitartez dakitela jakinarazi digute, eta diotenez, halako kontuetan "ez dugu komunikabideek diotena aintzat hartzen".
Hala ere, datorren martitzenean prentsaurrekoa egingo dutela iragarri dute, gaiaren inguruan euren iritzia emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak