Emakumeei erasorik ez! zeraman pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar herriko plazan, udaletxearen aurrean. Bertan egon dira besteak beste, udaleko hainbat alderditako zinegotziak, baita herriko zenbait taldetako ordezkariak ere.
Pasa den astelehenean, hilaren 7an aurkitu zuten Nagore Laffage 20 urteko gazte irundarraren gorpua. Ikerketa polizialen arabera, itota hil zen neska, eta hatz bat moztu zioten identifikazioa zailtzeko. Momentuz 27 urteko gizon bat atxilotu dute. Atzo deklaratu zuen atxilotuak epailearen aurrean, eta hilketa burutu izana aitortu zuen. Bi orduz deklaratu ostean, epaileak kartzelara bidali du.