Elizalde kalea oinezkoendako izateko egokitzapen obrak hasita

Ubane Madera 2008ko ira. 5a, 14:04
Elizalde kalea goitik behera berritu egin behar dute otsailera bitartean, eta obra horiek oraingo astean hasi dituztela. Obra Sailetik emandako xehetasunen arabera, obrak bukatutakoan, oinezkoek lehentasuna izango dute Elizalde kalean. Hau da, automobilak sartu-irten ahal izango dira kale horretara, baina ezingo dute han aparkatu.

Izan ere, kale horretan lokal ugari daude, bizilagunek garaje moduan erabiltzen dituztenak. Bada, Udalaren asmoa da lokal horietarako pasabidea ahalbidetzea, baina ez besterik.

Hori horrela, obren bitartez egin behar dutena da kalea egokitu, erabilera berrirako. Hala, gorri koloreko espaloi zabala sortuko dute eta zuhaitz ilara ipini. Jarlekuak ere ipiniko dituzte eta gaur egun dauden berdegunetxo biak egokitu. Horrekin batera, bidea ere egingo dute, esandako moduan, lokaletarako sartu-irtena ahalbidetzeko. Baina bide horretan ere, oinezkoek izango dute lehentasuna.

Obra Sailetik azpimarratu gura izan dute, Elizalde kalean oinezkoek indarra hartzen badute,  Gernika Zumardiak jarraipena izango duela Erguin auzotik Uribarriko urbanizazio berrira eta handik Garaia Berrikuntza Guneko pasealekuraino joan ahal izango dutela oinezkoek. 

Egokitzapen obrekin batera, azpiegitura batzuk ere berrituko dituzte Elizalden: ur-zikinak batzeko kolektorea, euri-urena eta argiteria.

CIG enpresa dabil obrak egiten eta ia 400.000 euroko aurrekontua dute. Esandako moduan, eta ezustekorik ezean, datorren urteko otsailerako bukatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak