ELAk kontzentrazioa deitu du biharko, astelehena

Goiatz Arana Begiristain 2008ko abenduaren 21a

11:00etarako deitu du ELAk elkarretaratzea herriko plazan, Moldcam enpresako langileek –lehengo Utillajes Uribesalgo– etorkizun beltza ikusten dutelako, sindikatuaren esanetan. Enpresako zuzendaritzak gezurtatu egin ditu ELAren adierazpenak.

Enpresaren ondasun guztiak desagertzen ari direla adierazi dute sindikatutik eta egun lantokia dagoen tokian Udalak etxeak egiteko asmoa duela, gaineratu. Enpresaren etorkizuna bermatuko duen plan industriala abian jartzea eskatzen dute, eta lantegiarentzako beste kokaleku bat aurreikustea, Arrasaten bertan edo inguruan. Hori da, euren hitzetan, lanpostuak ziurtatzeko modu bakarra.

Enpresaren ikuspuntua, oso bestelakoa

Enpresatik aditzera eman dutenez, ELAk dioena ez dator bat errealitatearekin, eta gaineratu dute aski dela udaletxera joatea, enpresa dagoen lurzorua industria-eremu moduan kalifikatua dagoela egiaztatzeko.
 
Zuzendaritza berriak dio, 2007an enpresa gidatzeari ekin zionetik, hainbat aurrerapauso eman dituztela: "Bezero bakar bat izatetik 20 baino gehiago izatera pasa gara, salmentak igo eta 2008 urtea irabaziekin itxi dugu; 2007an baino 18 langile gehiago ditugu –48– eta, 2009an, hamar gehiago izatea da asmoa; eta inbertsio berriak egin ditugu. Enpresa indartzen ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak