Ekonomia eta politika gaiak, besteak beste, gaurko udalbatzarrean

Ubane Madera 2009ko uzt. 16a, 13:32
Osoko bilkura egingo du udalbatzarrak gaur (eguena) 19:00etan. Opor aurreko azkeneko batzarra izango da, gainera. Eta mahai gainean izango dituzten gaien artean, mozio eta adierazpen instituzional bana aztertuko dituzte. Eta udal aurrekontuaren kreditu aldaketa proposatuko dute, aurtengo aurrekontua milioi bat eurorekin indartzeko helburuarekin.

Mozioari dagokionez, Alternatiba-Zutik koalizioak aurkeztu du. Proposatu gura duena da Arrasateko udalerria Zezenketen Aurkakoa eta Animalien Laguna dela adieraztea.

Koalizio ezkertiarrak bat egin gura du Estatuko beste zenbait gunetan animalien eskubideen alde egin dituzten adierazpenekin. Bartzelona ipini du adibide moduan.

Esklabutza eta beste

Ematen dituen argudioen artean, berriz, onartzen du zezenketak tradizio historiko direla, baina horrekin batera azpimarratzen du edozein ohitura, historiko izan arren, ezin dela betiko gorde tradizio delako. Koalizio ezkertiarrak dio historian tradizio luzea izan zuten jarrera edo ohitura ugari legez debekatuta daudela gaur egun; adibidez, esklabutza, exekuzio publikoak, emakumeak gizonen menpe izatea, heriotza zigorra edo delinkuenteei gorputz atalak moztea.

Hori horrela, labur esanda eskatzen du Arrasateko Udalak ez dezala parte hartu animaliak torturatu edo hiltzen dituzten ikuskizunetan eta Jaurlaritzari gauza bera eska diezaiola.

Indarkeria erasoak gaitzetsi

Adierazpen instituzionalari dagokionez, berriz, azkeneko indarkeria erasoak gaitzesten dituen adierazpena da gaur landuko dutena. Batetik, Eduardo Puellesen kontrako atentatua gaitzetsi dute, eta haren familia eta lagunei elkartasuna adierazi die; bestetik, Arrasaten AHTko langile baten kontra egindako erasoa gaitzetsi dute eta AHTko langile eta enpresei elkartasuna adierazi gura die. Eta azpiegitura horren garrantzia ere aitortu gura dute.

Adierazpen hori onartu dute PSE-EEren, EAJren eta PPren aldeko botoekin eta Talde Mistoaren eta Alternatiba-Zutik koalizioaren kontrako botoekin. Eta hala jakinaraziko diote gaur iluntzean udalbatzarrari.

Ekonomia gaiak

Horiek, beraz, gaur landuko dituzten kontu politikoak; baina bestelakoak ere izango dira. Adibidez, diru kontuak landuko dituzte; gaur egungo egoeraren ondorioz, geroago eta ugariagoak diren zerga ordainketetako atzerapenak edo zergak zatika ordaintzeko eskaerak arautu gura dituzte, eta horretarako Udal Ordenantza aurkeztuko dute geroko batzarrean.

Eta beste gairen bat aipatzearren, Udalaren aurrekontua ere berbagai izango dute; aurrekontuaren kreditu aldaketa proposatuko dute, aurtengo aurrekontuari milioi bat euro gehitzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak