Ekitaldi hunkigarri eta jendetsua, Ekin-en 15. urteurrenean

Ubane Madera 2010ko mai. 1a, 14:21
Belaunaldi zahar eta berriek bat egin zuten Kulturateko aretoan egubakoitz iluntzean, Ekin Emakume Elkartearen 15. urteurrenaren jaialdian. Aretoa lepo, herritarrek adi, gustura, kantuan eta txaloka parte hartu zuten ekitaldian. Ekinen sorrera posible egin zuten emakumeak eta 15 urteko ibilbidean jardunean ibili direnak gogora ekarri zituzten, bereziki. Haiek, jende artetik, hunkituta eta "oso urduri, pozik eta lotsatuta" hartu zituzten herrikideen esker onak.

Ekin elkartearen sortzaileen izenak hartu, doinu herrikoia aukeratu, eta Kulturate bete zuten herritarren ahotsek lagunduta, kantuan adierazi zieten, besteak beste, esker ona sortzaileei, Arrasateko emakume elkartea sortzearren orain 15 urte: Marilu Ajuria, Lurdes Azkarate, Marije Salterain, Arantxa Sanchez, Ana Unzalu, Lurdes Uralde eta Bittori Etxebarria. 

Izan ere, musikak hartu zuen atzoko jaialdiaren zati handia. Hori bai, ikuskizun horiek ere, emakumeak izan zituzten protagonista nagusi. Goikobaluko abesbatzaren emakume taldea batetik, Rakel Murgiondoren gidaritzapean. Eta Miren eta Bea bestetik, Bi Gira saioko irabazleak (Rodriren laguntzarekin).

"Bakarrak ez"

Ekitaldiaren amaieran arrosa eta diploma bana eman zizkieten gaur egun Ekin elkartean dihardutenek ekitaldira joan ahal izan zuten hiru sortzaileri (Marilu Ajuria, Lurdes Uralde eta Marije Salterain). Guztiz hunkituta, eta "oso urduri, pozik eta lotsatuta" hartu zituzten haiek oroimen opari horiek. "Gu ez gara bakarrak baina, beste asko ere bazeuden!", errepikatzen zuten behin eta berriro.

Oroimenerako argazkian, baina, agerikoa da harro ere bazeudela atzoko ekitaldia ikusita eta elkartearen beraren ibilbidearengatik. Sortzaileekin batera ageri dira hirurak, Ekin elkartean eta oro har, Arrasateko euskalgintzan urtetan lanean ibili diren beste emakume nagusi eta gazteekin batera. 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak