Eibar eta Irungo esperientziak, merkataritzako jardunaldietan

Ubane Madera 2007ko urr. 22a, 11:16
Etzi, eguaztena, arratsaldean egin dute hitzordua merkataritzaren jardunaldietarako: 19:00etan, Kulturaten. Merkatarien elkarteak azaldutakoaren arabera, "helburu nagusia Eibarko eta Irungo kasuak azaltzea da eta baita ere, merkatari eta udaletako teknikari zein ordezkari politikoak sentsibilizatzea, norabide horretan lanean hasi ahal izateko". Hala azaldu dute antolatzaileek, Ibai-arte merkatarien elkarteko kideek.

Hain zuzen ere, Jesus Mari Elkorok, Ibai-arteko kide eta Arrasateko dendariak azaldu du Irunen eta Eibarren aurretik dabiltzala merkataritza jarduera bultzatzeko orduan: "Irunen, muga desegin zenean, jarduera ekonomiko asko bertan behera geratu ziren eta, horren ondorioz, mugitzen hasi behar izan zuten hango jarduera komertziala zela hobetu aztertzeko. Eibar, berriz, Donostiatik eta Bilbotik ordu erdira dago, laster Gasteiztik ere ordu erdira izango da. Kontuan hartuta hiru hiriburuotan aldaketa nabarmenak izan direla azken urteotan hiriburuetako merkataritza indartzeko, Eibarren aspaldi ikusi zuten zerbait egin behar zutela bizirauteko. Bada, esperientzia horiek transmititu gura dizkiegu hemengo merkatari eta herriko arduradunei".  

Agintarien betebeharra

Hain zuzen ere, eguazteneko jardunaldiekin, besteak beste, udal agintariak sentsibilizatu gura ditu Arrasateko merkatarien elkarteak.

Horren harira, Elkorok argi ikusten du agintariek badutela zeregina gai horri dagokionez: "Orain gutxira arte, eta orain bertan ere bai, hainbat arduradun politikok pentsatzen zuten herriaren bizitza edo bizitasuna berez aurrera doan kontu bat zela: eta hori horrela izan da azken 500-600 urtetan. Asko jota, Udalek egin dutena da garapen hori antolatu. Baina, azken urteotan, gauzak asko aldatu dira. Guztiok dugu automobila; automobilez ibiltzeko bideak oso onak dira, eta hiriburu eta halakoetan muntatu dituzte azpiegitura komertzialak jendea erakartzeko. Bada, horren ondorioz, sumatu dugu herriak bizitasuna galtzen dabiltzala. Arazoa ez da bakarrik komertzioek aurrera egingo duten edo ez, baizik eta herriaren bizitasunak aurrera egingo duen edo ez. Adibidez, lehen Arrasaten bi zinema geneuzkan eta, gainera, bete egiten ziren. Orain, berriz, justu-justu dugu bat, eta hori, Udalarena delako. Edo ikustea besterik ez dago zelakoak ziren orain 25 urteko domekak eta zelakoak diren oraingoak. Halakoetan ikusten da arazoa herriak duela, eta uste dut arduradun politikoak konturatu egin behar direla berez ez  dela ezer konponduko, zerbait egin egin behar dela". 

Jardunaldien egitaraua

19:00: Eibartik eta Irundik etorritakoei harrera.
19:15: Ongietorria. Ibai-arteko Zuzendaritza Batzordeko kideak.
19:30: Eibar Merkataritza Gune Irekia: Mertxe Garate, Eibarko Udaleko Merkataritza saileko zinegotzia eta merkataria, eta Leire Ojanguren, Merkataritzako teknikaria.
20:30: Irun, Merkataritza Gune Irekia: Tomas Maeztu, Irungo MUGAn merkatari elkarteko gerentea, eta Maite Cruzado, Irungo Udaleko Merkataritza saileko zinegotzia.
21:30: Berriketaldia hizlariekin (galderak).


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak