Ehunka lagun bildu dira iluntzeko manifestazioan ere

Goiatz Arana Begiristain 2008ko mai. 8a, 22:39
Pertsona talde zabala batu da arratsaldean herrian egin den manifestazioan. Ino Galparsoro alkatearen atxiloketa salatu eta bere askatasuna eskatzeko egin den eguneko bigarren manifestazioa izan da.

Ehunka lagunen aurrean, Enrike Letonak esan du Inok jarraitzen duela Arrasateko alkatea izaten, eta bere aldeko hitzak izan ditu segidan. Lanetik erretiratu eta bizitza lasai bat egiteko moduan zegoenean, herritarrei elkartasuna eta maitasuna adieraziz, arrasatearrak udaletxean ordezkatzeko erabakia hartu zuela ekarri du gogora.
 
Pareta guztiak zeharkatuko dituen besarkada bidali diote plazatik, eta txalo zaparrada eskaini diete, euren hitzetan, presiopean lanean diharduten zinegotzi guztiei.

Arantza Urkaregik zorionak eman dizkie arrasatearrei

Arantza Urkaregik arrasatearrak zoriondu ditu gaurko greba eta manifestazio deialdiei emandako erantzunagatik. Euskal Herriak salbuespen egoera bizi duela eta herritarrek horri stop esan diotela adierazi du, eta gaineratu du alkatea kartzelaratu duen estrategiarekin amaitu gura dutela.

Bere hitzetan, zentsura mozioak aurrera eginda ere, ez da ezer konponduko, eta horrekin lotuta esan du bide horretatik lortu nahi den bakarra dela herritarren botoen kontra beste aukera bat jartzea. PSOEri "eraso errepresiboa" aurrera eramateko babes osoa eman izana leporatu dio EAJri. Gaur bertan, eguena, Iñigo Urkuluk egindako hitzak ere ekarri ditu gogora. Arantza Urkaregik adierazi duenez, Urkuluk esan du Ibarretxe Loiolako proposamenarekin joango dela Jose Luis Rodriguez Zapaterorengana, normalizazio politikoa lortzeko helburuarekin; eta Urkaregik galdetu dio ea ze sinesgarritasun izan dezakeen horrek orain hilabete gutxi Urkuluk berak eta Imazek proposamen horri ezetz esan ziotenean. Arantza Urkaregik bukatu du esanez ez dela konponbiderik izango ezker abertzalerik gabe.

Une hunkigarria

Bazkalostean, Biteri plazan, neska-mutikoek egindako muralaren aurrean izan da manifestazioko unerik hunkigarriena. Inoren argazkiaren eta "Ino maite zaitugu" zihoen esaldiaren aurrean, manifestariak geratu eta txaloka hasi dira.

Eguerdiko manifestazioko lelo bera aukeratu dute iluntzekorako: "Erabakia herriarena. Udala herritarrena. Ino askatu". Ertzainek gertutik jarraitu dute manifestazioa, baina ez da inolako arazorik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak