Egunerokotasunera itzuliko dira gaur herriko zerbitzuak

Ubane Madera 2010eko irailaren 1a

Gaur sartu gara irailaren 1ean eta gaurko egunarekin batera hasi dira asko eta asko lanean; esaterako atzo dagoeneko denda batzuk zabaldu zituzten ateak, eta gainerako gehienek prestaketa lanak egiten ibili ostean, gaur egingo dute gauza bera. Gainera, orain arte goizez bakarrik jardun duten saltzaileek gaurtik goiz eta arratsaldez zabalduko dituzte dendak. Saltokiez gainera, bestelako zerbitzuak ere egunerokotasunera bueltatuko dira.

Lurraldebusen autobusek gaurtik neguko ordutegiarekin jardungo dute. Eta gauza bera egingo dute Arrasate barruko urbanoek; azken horien kasuan, horrek esan gura du orain arte baino ordubete lehenago aterako direla urbanoak.

Biztanleen Arreta Zerbitzuan ere atzo izan zuten udako ordutegiarekin azkeneko eguna. Gaurtik hor ere normal jardungo dute, beraz, BAZ zabalik izango da astelehenetik egubakoitzera 08:30etik 19:00ak arte, eta zapatuetan, berriz, 09:00etatik 13:00ak arte.

Udal Bibliotekan 1etik 11ra arte udako ordutegiarekin jarraitzuko dute, baina goiz eta arratsaldez: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Irailaren 13tik aurrera, berriz, 10:00etatik 20:30era eta zapatuetan 10:00etatik 13:00etara.

Musakolako kiroldegia da, berriz, salbuespena. Haren kasuan, besteak beste, irailaren 12ra arte zabalik izango dute-eta kanpoko igerilekua.

Kontuak kontu, bueltatu dela egunerokotasuna gure bizimoduetara; momentuz libratzen diren bakarrak gaztetxoak dira, horiek datorren astera arte ez dira-eta, eskolan hasiko.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak