Egueneko osoko bilkuran kargu-aldaketaren gaia landuko dute

Ubane Madera 2008ko api. 2a, 19:47
Alderdi sozialistak aurkeztu gura zuen zentsura mozioaren gaineko ezezkoa berri-berri dagoen honetan, alkatetzak osoko bilkura deitu du oraingo eguenerako. Gainera, otsailetik ez du egin osoko bilkurarik udalbatzarrak, tartean Isaias Carrascoren kontrako atentatua gertatu zelako. Beraz, erabat ez ohikoa izango da biharko batzar hori.

Duda barik, zentsura mozioaz gainera, Carrascoren kontrako atentatuaren bestelako ondorioak izango dira batzarreko protagonistetako bat. Izan ere, landuko dituzten gaien artean, atentatu horrek Udal gobernuan eragindako apurketaren ondorengo kargu aldaketekin lotutako bi puntu aztertuko dituzte: EB-Zutik koalizioko zinegotziek karguak utzi eta gero, orain Eusko Abertzale Ekintzako zinegotzien artean banatuko dituzte-eta. 

 Horien artean, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapenak aldatuko dituzte, alkateordeenak, batzorde informatzaileetako lehendakaritzenak eta besteak beste, Iturbide Egoitzaren lehendakaritzarena. Horrez gainera, Ongizate Sailaren ardura Yolanda Perez de Arenazak hartuko du; Garapen Estrategikoarena, Izadi Mondragonek. Kultura eta Jaien Sailarekin, berriz, Oihana Aranburu arduratuko da eta herritarren parte-hartzearen gaineko ardura Harkaitz Biainek izango du.

Horrekin batera, orain arte liberatuta jardun duen Ander Rodriguez EB-Zutik koalizioko zinegotziak uko egingo dio erabateko dedikazio horri.

Eguzki energia eta San Josepe harrobia

Hortik aurrera, eta ezustekorik ez bada, eguneroko jardunarekin lotutako puntuak aztertzea proposatuko diote udalbatzarrari. Adibidez, Arrasaten eguzki energia kaptatzeko sistemak jartzea arautzen duen udal ordenantza behin betiko onartzea aztertuko du. Eta baita ere, San Josepeko harrobiak utzi duen hutsunearen etorkizuneko diseinua egiteko ideien lehiaketa arautu behar duten arauak onartzea aztertuko du. 

Esandako moduan, batzarra eguenean izango da. Hitzordua da 19:00etan. Osoko bilkura publikoa denez, edozein herritarrendako daude ateak zabalik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak