Eguenean estreinatuko dute Etxaluze eraikina

Ubane Madera 2010eko ekainaren 22a

Eguenean, ekainaren 24an, zabalduko ditu ateak aurrenengo aldiz Arrasateko eraikin berriak: Etxaluzek. San Andres auzoan dago, eta Abaroa nagusien egoitza berria eta San Andresko alkatetza hartuko ditu.

Sanjuanetan 80 urtetik gorakoei egiten zaien omenaldirako estreinatuko dute, justu, eraikin berria Abaroakoek. 

Berriro ere itxi egin behar

Hori bai, behin ekitaldi hori pasatuta, atzera ere itxi egingo dituzte Etxaluzeko ateak. Astebete edo pare bat asteko epea utziko diete Abaroakoei egoitza zaharretik berrirako lekualdaketa egin dezaten. Jose Rivierek, Abaroa egoitzako presidenteak aditzera emandakoaren arabera, "ekainaren amaieratik baino, uztailetik gertuago" zabalduko ditu behin betirako ateak Abaroa berriak, taberna eta guzti. 

Egoitza modernoa

Egoitza bitxia eta modernoa da Etxaluze baserriaren lehengo orubean eraiki dutena. Energia berriztagarriak aprobetxatzen dituen eraikina da eta horrez gainera, diseinu ikusgarria ere badauka.

Sotoa, beheko solairua eta beste bi ditu Etxaluze berriak. Zerbitzuei dagokienez, sotoan biltegi, galdara eta halakoetarako gunea egokituko dute.
Beheko solairuan, berriz, taberna, sukaldea, billar mahaia, podologoa eta ile-apaintzailea izango dira, besteak beste.

Lehenengoan, hiru batzar gela, bi bulego eta bideo eta informatika gela bana, besteak beste.

Eta bukatzeko, azkeneko solairua San Andres auzoko alkatetzak erabiltzeko moduan egokitu dute.

Espazio handia

Pozik daude Abaroako zuzendaritzakoak laster estreinatuko duten egoitzarekin: "Gustatu egin zaigu; ez genuen uste, adibidez, horrenbeste espazio izango zukeenik", dio Rivierek. 
Tabernan, esaterako, ehun aulki baino gehiagorendako lekua dutela jakinarazi du, "aulki tolesgarriak kontatu barik".

Tabernaren harira, oraindik ez dute erabaki zeinek kudeatuko duen. Bederatzi eskaintzaren artean aukeratu beharko dute. Normalean baino eskaintza gehiago dira horiek, beraz bistakoa da dagoeneko interesa erakarri duela egoitza berriak.

Kezka segurtasunarekin

Egoitza berriak, baina, badauka eragozpen handia batzurendako: kokapena. Errepidea gurutzatu beharra dago bertara iristeko eta bidea egokitu egin beharko litzatekeela uste du Abaroako presidenteak: "Zenbait auto gidarik, txirrindularik eta nagusik ez dute errespetatzen semaforoa eta ezta oinezkoen bidea ere… zerbait egin beharko litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak