Eguenean amaitzen da urbanizazio proiektuak aurkezteko epea

Miren Arregi Amasorrain 2008ko ots. 5a, 16:28
Zerrajerako bigarren, hirugarren eta laugarren faseei dagozkien urbanizazio lanak adjudikatzeko daude. Izan ere, enpresek proiektuen proposamenak aurkezteko epea hilaren 7an, eguenean, amaitzen da. Behin lanen adjudikazioa egiten denean, 60.000 metro koadro izango dira urbanizatu beharrekoak, eta lan horiek egiteko gehienezko aurrekontua 6.175.065,90 eurokoa da.

Asmoa da maiatzerako fase horiei dagozkien urbanizazio lanak hastea. Urbanizazio lan horiek bi urteko epean bukatzea aurreikusten du Arrasateko Udalak; ur saneamendua, argiteria, zoladura lanak, lorategiak, berdeguneak eta halako lan orokorrak egingo dira. Orain adjudikatu behar dituzten urbanizazio lanetan –bigarren, hirugarren eta laugarren faseei dagozkienak–, aipatutakoez gain, umeendako jolasgune bi ere egingo dituzte.

Umeendako guneak

Urbanizazio fase horien barruan, aipatu moduan, umeendako jolastokiak ere egingo dituzte; bi, hain zuzen ere. Lehenengoa babes ofizialeko etxebizitzen atzeko aldean egin behar dute, urbanizatu behar duten gunearen erdialdean, hain zuzen ere. Jolasgune hori 1 eta 5 urte bitartekoendako izango da. Bestalde, bigarren jolasgunea egingo dute Aprendizen Eskolaren parean, La Caixak egin behar dituen alokairuzko 148 etxebizitzen ondoan. Hemen, 6 eta 13 urte bitarteko umeek jolastu ahalko dute. Jolasgune hau. gainera, Zaldibarkoaren luzapen gisa egituratu gura dute. "Ume guztiak batera egon ez daitezen, alde handia dago-eta 13 urteko eta 3 urteko umeen artean; horregatik, bi jolastoki egingo dira, bata txikienentzat eta bestea nagusiagoentzat", dio Juan Antonio Urdangarin Udal Hirigintza teknikariak.

Lehen fasea, amaitzear

Hainbat dira Zerrajerako etxebizitzen inguruan urbanizatu beharreko guneak. Dagoeneko, lehen faseko lanak amaitzear daude; lehen fase hori da Eusko Jaurlaritza eraikitzen diharduen babes ofizialeko etxebizitzen multzoa eta etxebizitza horien (Visesako etxebizitzak) inguruko urbanizazioari dagokiona. Urbanizazio proiektua CIG enpresak egin du eta "apirilaren amaierarako bukatuta" egongo da. Hala azaldu digu Arrasateko Udaleko Hirigintza teknikari Juan Antonio Urdangarinek. Urbanizazio proiektu guztietan bezala, hemen ere egin dira bide sareak, espaloiak, ur eta gas sareen hornikuntza, saneamendua, argiteria, altzari publikoak (jarlekuak, argiak…) ezartzea, lorategiak eta, oro har, etxebizitzen inguruan bizitza normala egiteko beharrezko diren azpiegiturak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak