Eguenean, alkateak Auzitegi Nazionalean deklaratuko du

Ubane Madera 2009ko api. 21a, 18:00
Etzi, eguena, Ino Galparsoro alkatea Madrilen izango da, Garzon epailearen eta Estatuko fiskalaren aurrean deklaratzera deitu dute-eta, EAE-Batasuna sumarioan inputatuta dagoelako beste 44 lagunekin batera. 10:00etan dute deklaratzeko ordua. Madrildik Arrasatera egun berean bueltatuko denaren esperantza dauka Arrasateko alkateak. Hemen duzue Galparsorori egindako elkarrizketa.

Atzo (astelehena) jakin genuen sumario berean inputatuta dauden hiru lagun libre utzi dituztela fidantzapean; zela baloratzen duzu hori?
Ez da erraza gauzak baloratzea, izan ere inputazio ber-bera duten beste batzuk kartzelan segitzen dute. Ez da oso erraza jakitea zergatik batzuk askatzen dituzten eta beste batzuk ez. Edozein kasutan, askatu izana beti da notizia ona.

Zure txanda eguenean da; bakarrik zoaz? Noiz zoaz?
Beste laurekin batera noa. Asmoa dugu eguen goizean bertan joateko, nahiz eta 10:00etarako han egon behar dugun. Asmoa dugu egun berean joan eta etortzeko.

Hortaz, bueltatzeko esperantzarekin zoaz?
Bai, bai. Egia da aurrekoan ere esperantza berarekin joan nintzela, baina fase hau apur bat desberdina da. Orduan instrukzioa eraman behar zuen epailearen aurrean deklaratu nuen eta hark eskumena zuen kartzelaratu edo aske uzteko. Oraingoan, nire abokatuak esan didanez, normalean instrukzio epea amaituta fiskaltzara pasako da kontua gero epaiketa burutu ahal izateko. Nahiz eta fiskalak baduen prozedura horren barruan libre uzteko eskumena, uste dut. Baina uste dut bakarrik libre uzteko eskumena duela, ez atxilotzekoa. Behintzat, orain arte ez da horrelakorik eman, beraz, ez dut uste salbuespena izango naizenik.

Eguenean zeinen aurrean deklaratzea tokatzen zaizu, bada?
Garzonen aurrean; baina deklaratzea baino gehiago, Garzonek egingo duena da autoa fiskalari pasatu eta geu aurrean egongo garenez, fiskalak edukiko du aukera galdera batzuk egiteko edo gure abokatuak ere aukera izango du galdera batzuk egiteko.

Azkeneko aldiz zurekin egon ginenean, oraindik ez zeneukan autoa eskuetan; ja badaukazu? Zein da zure kontrako akusazioa?
Badaukagu, bai. Nire kasuan agertzen dira lehen esandako gauza berak; horiek ziren prentsaurreko batean parte hartu izana eta ANV alderdiaren suspentsioa otsailean eman eta gero, ANV udal taldearen izenean hainbat gauza egin izana, nahiz eta autoan bertan agertzen den apirilaren 14ra arte udal honi ez ziotela jakinarazi suspentsio horrek udal taldearekin zerikusia zuenik. Agertzen da, baita ere, elkarrizketa batzuk, nik buruan eduki ere ez ditudanak. Eta nobedadea da Garzonek lehenago esaten zuen neure kasua zela desobedientzia eta ondorioz, ETAko kolaboratzaile izatea egotzi zidan, momentu honetan, berriz, ETArekiko integrazioa leporatzen didate.

Zigor eskaerari dagokionez?
Zigor eskaera fiskaltzak bere fasean planteatuko du.

Zenbat denbora itxaron beharko duzue erabakia jakin arte?
Herri honetan jakinezina da hori. Hor daukagu, adibidez, Udalbitzako kasua, sei urtean-edo daude zain. Nahiz eta ematen duen kasu honetan sumario hau itxi nahi izan dutela azkar; hori horrela, eta fiskaltzak bere lana egiten badu arrazoizko epe barruan, esan digute 2010ean epaiketa burutu ahal izango dela eta hala bada, epaia ere orduantxe jakingo genukeela pentsatzen dut. Dena den, nik uste dut horiek guztia hipotesiak direla. Eta kontua egongo da, seguru aski, lotuta egoera politikoari.

Beste zerbait gura baduzu gaineratu…
Ematen du hemen ezker abertzalearen inguruan edozer gauza planteatzea posible dela eta badirudi horren barruan Arrasate preferentea dela, eta parean tokatzeak halako gauzatara eramaten gaitu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak