Egubakoitzetik aurrera Udazabal, hamaika eratako ikuskizunak kalean

Julen Iriondo 2010ko eka. 30a, 15:44
Dantza, zinea, zirkoa, antzerkia eta musika, eta guztia kalean. Eguerdian aurkeztu dute Arrasaten Udazabal, udalak uda honetarako antolatu duen ikuskizunen egitaraua. Egubakoitz honetan bertan izango dira aurreneko hitzorduak, Ertza taldearen dantza ikuskizunarekin eta Arrasate Musikalen Big Bandaren kontzertuarekin.

Udazabal egitarauaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta oraingoan ere hainbat herrialdetako artistak etorriko dira Arrasatera, kulturartekotasuna ere bai baitu ezaugarri Udazabalek, Oihana Aranburu Kultura zinegotziaren arabera.


Egubakoitz honetan bertan izango da aurreneko zita: Ertza taldearen “Bihar jaio nintzen” izeneko dantza emankizuna. Emanaldia ikusi nahi dutenek, beraz, argi ibili beharko dute, hasi bezain laster amaituko baita. Egubakoitzean bertan Arrasate Musikaleko Big bandak Latin festa eskainiko du, salsa ikasleekin batera.

Hurrengo egubakoitzerako, berriz, kale antzerkia antolatu dute: Gaupasa taldearen "Habitus mundi".

Egitaraua osatzen dute Shake That belgikarren kaleko zirkoak, Pixie Dixie talde kataluniarraren jazz doinuek, India eta Daguestaneko dantzek eta musikak, Deboson talde kubatarraren doinuek eta Exodo eta Trapu Zaharra taldeen kale antzerkiak, zine emanaldiekin batera. Filmak egubakoitz gauetan monterronen emango dituzte, eta genero eta formatu askotarikoak izango dira: Mariasun Pagoaga arrasatearra protagonista duen "80 egunean" berriro emango dute, besteak beste. Irailaren 11n amaituko da aurtengo Udazabalen egitaraua.

Ikuskizun guztiak doan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak