Egubakoitzean hasiko da Udaberriko V. Musikaldia

Miren Arregi Amasorrain 2009ko martxoaren 25a

Dena dago prest Arrasaten V. Udaberriko musikaldirako, egubakoitzean emango zaio-eta hasiera, musika klasikoa ardatz izango duen bosgarren edizioari. Guztira bost kontzertu eskainiko dira San Frantzizkon, parrokian eta Kulturateko areto nagusian, eta Arrasate bertako talde bi ere arituko dira: Goikobalu eta Arrasate Musikal

Martxoaren 27an hasi eta apirilaren 5ean emango zaio amaiera 2009ko V. Udaberriko Musikaldiari. Tarte horretan, Arrasateko San Frantzisko, parrokia eta Kulturateko areto nagusian banatuta, guztira 5 kontzertu eskainiko dira.

Aurten landuko den ildoa musika klasikoarena da, eta horretarako Arrasatek, maila handiko musikariak hartuko ditu egun horietan. Arrasatearrek, gainera, protagonismo berezia izango dute aurtengo edizioan.

Egubakoitzean jatorri alemana duen Concejo Abierto taldeak irekiko du musikaldia. Antzinako musika lantzen duen taldea da, organoz, biolinez eta biolaz osatutakoa. Musika barrokoa interpretatzen dute Scordaturaren artea erabiliz. Scordatura, biolinean eta biolan sokak afinatzen joatea da, noten eta akordeen arteko konbinazioak lortzeko.

Hurrengo egunean, zapatua, KUP Abesbatzak eskainiko du kontzertua parrokian. KUP taldea, Euskal Herriko askotariko tokietako musika eta kantu munduko pertsonek osatzen dute. Musika maila handia duen taldea da eta aurtengoan, aste santuan, Esloveniako Maribor hiriko nazioarteko abesbatzen lehiaketara aurkeztuko duten errepertorioa ekarriko dute arrasatera.

Apirilaren 3an, berriz, Arrasate Musikaleko orkestra ezagutu ahalko dute arrasatearrek. Orkestra Sinfoniko hori, Musika eskolaren proiektu berri bat da, eta oinarria edo sorrera, honakoa izan da.

Goikobalu abesbatzaren txanda izango da apirilaren 4ean. San Frantzisko elizan eskainiko duten kontzertua eta herrian horren entzutetsua den abesbatzaren lana berriz ere zuzenean ikusteko aukera izango duzue horrela.

Udaberriko bosgarren Musikaldiari bukaera borobila emango zaio, Pablo Sorozabal Haize boskoteak Kulturaten eskainiko duen kontzertuarekin. Boskoteak, errenazimenduko, barroko garaiko, erromantizismo garaiko lanak interpretatuko ditu, beste batzuen artean.

Bukaera bikaina eta egitaraua ere gisa horretakoa, aurten kultura sailak antolatutakoa. Kontzertu guztiak, arratsaldeko zortzietan egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak