Arrasate: Egubakoitz Santuan, gurutze-bidea

Ubane Madera 2009ko api. 8a, 12:06
Datozen egunotako jai-egunen jatorria sarri ahazten dugun arren, Kristau fedearen muinean dago: Aste Santuan. Erramu Igandean hasi, eta Eguen, Egubakoitz eta Zapatu Santuak dira egunik esanguratsuenak. "Gure fedearen misterio sakonenetara gerturatzen gara", azpimarratu du Jon Molinak, Arrasateko parrokoetako batek.

Ondorioz, egunotan elizkizun bereziak egingo dituzte parrokietan, bakoitzak dagokion ordutegian (ordutegi zehatza dago eskelak izaten diren puntuetan).  

Horien artean jendetsuena  Egubakoitz Santuko gurutze- bidea izaten da: "Goizez, Portaloitik Santa Barbara da gurutzebidea, 08:00etan. Ospakizunik ugariena izaten da", aditzera eman du Molinak. "Jesusen 14 egonaldi edo pauso horiek berreskuratuko ditugu", zehaztu du. 

Gurutze-bidearekin lotuta,  bitxikeria bat ere kontatu du apaizak: gurutze-bidea markatzeko harrizko gurutzeak zeudela lehen herri gehienetan, nahiz eta orain leku askotan galduta dauden. "Mondragoen bazeuden gurutze horiek. Bedoñara bidean, San Josepera bidean. Desagertu ziren Bedoñako bide berria egin zutenean. Bada, horietako bat jarrita dago elizaren kanpoko aldean, Iturriotz kalera begira", kontatu du Jon Molinak.

Gauerdian beharko luke

Bestalde, Aste Santuko ospakizunen artean, zapatu gauekoan ere badira pare bat bitxikeria: "Larunbateko ospakizuna gauerdian hasi beharko litzateke. Orain, arratsalde-iluntze aldera pasatuta dago. San Juan parrokian, adibidez, 22:00etan egingo dugu. Baina beharko luke gauerdian, gau-bela delako. Erroman eta halako lekuetan oraindik hori errespetatzen da", dio Molinak.

Bataioak egiteko aproposena

Hori batetik. Bestetik Molinak kontatu du Pazko gau-bela dela bataioak egiteko urteko egunik aproposena: "Aretxabaletan-eta egin izan dira, nik ere egin izan ditut orain gutxi. Ez dira asko egiten arrazoi praktiko batengatik: berandu delako eta ez delako umeendako ordurik egokiena. Zergatik den bataoietarako egunik aproposena? Bada, Kristau fedeak erakusten duelako bataioarekin Jesusen heriotza eta piztueran parte hartzen dugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak