Eguaztenean aurkeztuko dute gazteendako Udaixe programa

Ubane Madera 2007ko eka. 26a, 10:38
Arrasateko gazteek, uztaileko oporretan, ez dute aspertzeko aitzakiarik izango, beste urtebetez Txatxilipurdi elkarteak Udaixe programa antolatu du-eta: "Uztailean gazteak oporretan daudela eta eguraldi ona egingo duela aprobetxatuz, gazte txokoak itxi eta denetariko ekintza izango dituzte Udaixe programa barruan. Ekintza batzuetan, izena eman eta ordaindu egin beharko da, eta beste batzuetan, esandako ordu eta lekuan agertuta nahikoa izango da". Hala esplikatu du, labur, programaren ildoa Idurre Amozarrain Udaixeren arduradunak.

Programa hori 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako dago pentsatuta.

Eguaztenean, argazkiak

Aurtengo Udaixe programari dagokionez, bihar, eguaztena, aurkeztuko dute, 18:00etan, Txatxilipurdiren egoitzan, Pablo Uranga kalean. "Ikasturtean, gazte txokoetan egindako ekitaldien argazkien emanaldia egingo dugu, baita iazko Udaixen ateratakoak ere. Eta gero, merendola egingo dugu", kontatu du Amozarrainek.

Gazte olinpiadak

Gero, hurrengo ekitaldia egubakoitzean egingo dute, ekainaren 29an. Hain zuzen ere, iaz horrenbeste arrakasta izan zuten Gazte Olinpiadak jokatuko dituzte, 17:00etan hasita, Zaldibarren. "Komeni da aldez aurretik izena ematea, baina egunean bertan Zaldibarren agertuta ere nahikoa da", diote Txatxilipurdikoek.

Pare bat orduan jardungo dute lehian; sariak ere izango dituzte irabazleendako eta, ostean, afari-merienda emango diete Txatxilipurdi elkartean.

Surf ikastarorako izenematea

Bestalde, hurrengo asterako, astelehena, surf ikastaroa iragarri dute. Uztailaren 2an, 10:30ean, egin dute hitzordua, Zarautzerako bidea hartzeko. Han pare bat orduko ikastaroa egingo dute, irakasle batek lagunduta. Eta bukatutakoan, egun pasa geratuko dira Zarautzen. 18:00etan bueltatuko dira Arrasatera. 

Ikastaro horretarako izena lehenbailehen ematea komeni dela nabarmendu du Idurre Amozarrainek. 10 euro ordaindu eta Arrasateko Gazte Bulegoan edo Txatxilipurdin bertan egin daiteke. Asko jota 23 lagunendako lekua izango dute.

Murala margotzera

Datorren asteko ekitaldiekin bukatzeko, batetik, eguaztenean, uztailaren 4an mural bat margotzera joateko dei egin dute Txatxilipurditik: "Elkartearen kanpoko aldean dagoen horma margotuko dugu. Orain urte batzuk margotu zuten gazteek, eta orain berritu egin gura dugu", azaldu du Amozarrainek. Gaineratu du oraindik ez dutela erabaki zein marrazki egingo duten, baina dagoeneko pareta zurituta dutela. Margotzen hasiko dira 16:00etatik aurrera eta, parte hartzeko, ez da marrazkirako dohai berezirik behar, "gogoak ekartzearekin nahikoa izango dute".  

Eta bestetik, egubakoitzean, hilaren 6an, Landara joateko hitzordua egin dute, "arratsalde pasa, uretan-eta ibiliko gara", Txatxilikoen esanetan. 15:00etan irtengo dira, Garibaitik, eta ez dago aurrez izena eman beharrik, joan-etorria autobus urbanoan egingo dute-eta.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak