Egitarau zabala zapatuan egingo den Elkartasun Egunean

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 10a, 22:07
Herriko presoen oinarrizko eskubideen alde lan egiten du Portaloira elkarteak, eta Elkartasun Eguna da lan horren adibideetako bat. Egun guztian zehar antolatu dituzte ekitaldiak zapaturako.

Zapatuan Portaloira elkarteak antolatuta egingo den Elkartasuna Egunaren aurkezpen ekitaldian adierazi dutenez, Arrasaten 17 preso politiko daude, eta jasaten dituzten eskubide urraketak salatu dituzte. Hala, adierazi dute Ion Agirre eta Iosu Uribeetxeberria presoei 92. artikulua ukatu zaiela, eta Kanto eta Gazta presoei aldiz, zigor osoa beteta izan arren bizi osorako doktrina aplikatu zaiela eta bahituta eta dispertsatuta mantentzen dituztela. Gaineratu dute, herriko zortzi presok zigorraren hiru laurdenak beteta dituztela, eta zigorra betetzean bizi osoko zigorra aplikatzeko mehatxupean daudela. Era berean, azpimarratu nahi izan dute astero herriko preso hauen senide eta lagunek 21486 kilometro egin behar izaten dituztela 40 minutuko bisitaldiak egiteko.

Amnistiaren aldeko mugimenduko hainbat kideren kontra martxan dagoen epaiketa ere salatu nahi izan dute, eta gaineratu, horrek ez duela euren lana etengo. Horren adibide, zapaturako antolatu duten Elkartsun Eguna jarri dute antolatzaileek.

Adin guztietarako ekitaldiak

Egun guztian zehar eta adin guztietarako antolatu dituzte ekimenak egun horretarako. Hala, goizean umeen txokoa jarriko dute Biteri plazan 11:00etatik aurrera, eta bertan egongo dira besteak beste tailerrak, ipuin kontalriak eta puzgarriak.

11:30ean Biteri plazan bertan herri kirolak egongo dira ikusgai, eta 13:00etan manifestazioa egingo dute Seberotik abiatuta.

14:00etan herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean kontzertuen txanda izango da. 17:00etan hasita 18 tabernatan beste hainbeste talde ariko dira, eta 22:00etatik aurrera, Monterronen izango da kontzertu nagusia. Bertako eta kanpotik etorritako taldeek joko dute, hala nola, Peter and the Test Tube Babies, 5 Twisters, Frontkick eta Never Surrender.

Atxikimentuak

Arrasateko hainbat kultur eta kirol elkartek, alderdi politikok, musika taldek eta talde eragilek euren atxikimentua adierazi diote Elkartasun Egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak