Eduardo Puellesen kontrako atentatua gaitzetsi du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak

Ubane Madera 2009ko eka. 23a, 12:17
Arrasateko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen Bozeramaileen Batzordea elkartu zen atzo iluntzean eta gaitzespen adierazpena onartu zuten. Bost puntutan, "ETAk Arrigorriagan doilorkeriaz eraildako" polizia nazionalaren kontrako atentatua gaitzetsi dute eta haren senideei, Estatuko segurtasun indarrei eta Ertzaintzari elkartasuna adierazi diete. Horrekin batera, AHTko obretako langileari egindako erasoa gaitzetsi dute eta elkartasuna erakutsi die AHT egingo duten enpresa eta langileei, "Euskadiren aurrerapenerako horren inportantea den azpiegitura babestuz".

Adierazpen edo mozioa alderdi sozialistak aurkeztu zuen eta Euzko Alderdi Jeltzalearen, alderdi sozialistaren eta PPren aldeko botoekin onartu zuten, hiru botorekin, beraz. Kontra bozkatu zuten, berriz, Ino Galparsoro alkateak eta Alternatiba-Zutik koalizioko ordezkariak, bakoitzak mozio propioa aurkeztu zutelako.

Horrez gainera, Talde Mistoko kide bat ere izan zen Bozeramaileen Batzordean, baina hark ezin izan zuen botorik eman, modu ofizialean Talde Mistoak ez duelako Bozeramaileen Batzorderako ordezkaririk izendatu. EA eta Aralarri dagokienez, berriz, ez zuten ordezkaririk bidali batzarrera.

Botoen arrazoiak, koalizioa

Botoak arrazoitzeko orduan, koalizio ezkertiarrak adierazi du PSE-EEren mozioaren kontra bozkatu dutela ez delako "onargarria" alderdi sozialistak gura izatea "AHT ontzat ematea, jakinekoa denean" euren "kontrako jarrera".

Alderdi sozialistaren iritzia

Era berean, alderdi sozialistak "etsipena" erakutsi du alkateak ETAren azkeneko atentatua ez duelako gaitzetsi gura izan eta "gogora ekarri du" ez zela gauza izan "sentsibilitaterik erakusteko Isaias Carrasco herritarra erail zutenean" eta gainera, "kalitatezko botoa" erabili zuela "Udalaren gaitzespena ez onartzeko". Gaineratu du "lotsagarria" dela alkateak bere karguan segitzea, ez duelako "duen kargua merezi". 

Alternatiba-Zutik koalizioaren emandako ezezko botoari dagokionez, berriz, salatu du jarrera hori "partidista" dela. Eta koalizio ezkertiarrak aurkeztutako  mozioa "deskafeinatua" dela. Gaineratu du "aukeratu" egin behar dela: "indarkeria edo politika". Eta AHTri dagokionez, aditzera eman du "Euskal Yari eta enpresa adjudikatarioei elkartasuna adieraztea indarkeria gaitzestea bezain garrantzitsua" dela.

Gainerako bi mozioak

Koalizio ezkertiarrak aurkeztutako mozioari dagokionez. Labur esanda, Udalak onartu duen mozioarekiko desberdintasuna da koalizioak ez diela elkartasuna adierazten AHTko obrak egingo dituzten enpresei eta aldarrikatzen duela gatazka guztiak biolentzia bidez barik hitzaren bidez konpondu beharra dagoela.

Eta bukatzeko, Talde Mistoak aurkeztutako mozioari dagokionez, dio polizia nazionalaren kontrako atentatuak "berriro ere azaleratu" duela "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren gordintasuna"; aldarrikatu gura du "eszenatoki demokratiko" beharra dagoela, "askatasunean, justizian eta herri honen eskubide guztiekiko errespetuan" oinarritutakoa. Eta baita ere, "elkarrizketa eta negoziazioa"  direla "konponbide demokratikoa lortzeko tresna eraginkor". Horrekin batera, besteak beste, "elkarrizketa prozesu barneratzaile bat zabaltzea bideragarri egingo lukeen baldintzak lortzeko jarrerarik irekiena" azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak