Edertek Teknologia Zentroa inauguratu dute

Usoa Agirre 2008ko ots. 28a, 13:58
Fagor Ederlan taldeak Edertek Teknologia Zentroa inauguratu du. Garaia Berrikuntza Gunean dago kokatuta, eta denera 2.500 metro koadro ditu bi eraikinetan banatuta. Pasa den urteko ekainean jarri zen martxan, eta egun 40 langile dabiltza bertan lanean. Gaur, eguena, inauguratu dute ofizialki; Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin du zinta mozketa.

Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, Mikel Uribetxeberria Ederlaneko Errektore kontseiluko presidentea, Juan Mari Palencia Fagor Ederlaneko zuzendari nagusia eta Angel Akizu Edertekeko gerentea egon dira inaugurazioan.

Teknologia zentroa

Edertek Teknologia zentroa, Garaia Berrikuntza Gunean ireki duten lehenengo teknologia zentroa Fagor Ederlan taldeak sustatu du, eta 10 milioiko inbertsioa eskatu du.

2.500 metro koadro ditu denera Edertekek, bi eraikinetan banatuta.

  • Lehenengoa, Ikerketa eremua da, eta hiru esparrutan banatuta dago: material eta produkzio prozesu berrien ikerketa, bezeroekin elkarlanean osagaien diseinu eta garapena eta azkenik, moldeen eta moldeatzeko tresnen berrikuntza eta diseinua piezak fabrikatzeko. Ikerketa prozesuaren abiapuntua bezeroak emandako datuak dira, hau da, osagaiak nolakoak izango diren, zein tokitan jarriko diren edo egin beharreko esfortzua, adibidez. Gero, eta aurresateko eta simulazio tresnak erabiliz, osagai birtualak diseinatu eta garatzen dira. Ikertzeko ahalmen horren adibide dira besteak beste, BMW, Opel edo Jaguar markentzako egindako azken diseinuak.
  • Bigarren eraikinean IMA edo Industrializazio Modulu Aurreratua dago. Diseinatu eta garatutako osagaiak balioztatzen dira han.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak