EBz gainera, Aralarrek eta EAk ere ez dute zentsura moziorik babestuko

Ubane Madera 2008ko eka. 13a, 15:40
Momentuz baiezko bakarra dauka seguru PSE-EEk aurkeztutako zentsura mozioak: PPrena. EB-Zutik koalizioak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek iragarri dute ez dutela babestuko. EAJk, berriz, iragarri du zentsura mozioa babesteko konpromisoa hartuta dutela, baina PSE-EEri eskatu behar diotela aurrez gainerako alderdiekin adostea zentsura mozioari babesa ematea.

Gauzak horrela, azken ordukorik ezean, PSE-EEk aurkeztu duen zentsura mozioak, Arrasaten behintzat, ez du aurrera egingo.

 

Alderdien adierazpenak: PPk baietz

Itziar Lamarain: "Hasieratik esan nuen babestuko nuela. Baina esan nuen, baita ere, Arrasaten ez zuela aurrera egingo zentsura mozioak. Ez da aterako, ez bakarrik, hainbat alderdik ipini zituzten oztopoengatik (EA eta EB), baizik eta EAJk berak ere ez duelako bat ere intentziorik. Eurek jakingo dute zergatik lehenengo landu zituzten mozio etikoak. Eurek jakingo dute zein akordio hartu zituzten. 

Eta orain, PSE-EE ez dadila etorri norbaitek ez duela esandakoa betetzen esaten. Eurak dira lehenengo paso egiten dutenak. Ikusi, Soraluzen atera daiteke zentsura mozioa, beraz, exijitu diezaiola bere bazkideari babes dezala hemen ere". 

 

EAJ: bai baina…

EAJk ere baiezko botoa iragarri badu ere, baiezko hori ez da erabatekoa. Luis Mari Apraitz nazionalisten bozeramailearen azalpenen arabera, EAJk "konpromisoa" hartuta dauka "mozioa babesteko", baina gaineratu du ikusita mozio etikoak ez zirela atera, PSE-EEri eskatu diotela “lehenengo lana gainerako alderdiekin adostasuna lortzea" izan behar duela. "Ez dugu alferreko pausorik eman gura, krispaziorik ez eragiteko", dio Apraitzek. 

 

Gainerakoek ezetz: EA

Pello Urizar: "Hasieratik mantendu dugu iritzi bera. Arazoa ezagutzera emandakoa baino sakonagoa da. Arazoa da zentsura mozio horrek zer dakarren aztertu behar dela erabakia hartu baino lehen;  kontuan hartuta legealdi hiru laurdena geratzen dela oraindik pasateko, bermatu behar da herriak gutxiengo gobernua izan dezala eta herriak funtzionatu dezala. Guk komentatu genien minimo batzuk bete beharko liratekeela aurrera egiteko. Guk komunikatua eman genien eta gure gutxieneko hausnarketekin ados ez dauden bitartean, zentsura mozioa aurrera eramateko ez gaude gertu".

Aralar: iritzi kontrajarriak

Joxe Etxeberria: "Ikusita aurkeztu zaigun testua iruditzen zaigu hasierako asmoa baino gogorragoa dela. Eurek demokrazia ulertzeko duten modua gurearekin kontrajarrita dago. Zentsura mozioaren oinarria da demokratek egin behar diegula demokratak ez diren batzuei aurre, eta demokrazia kontzeptua eurek ulertzen duten moduan nik ez dut ulertzen. Estatutua dago orain dela 30 urte onartuta, eta hori betetzeko gauza ez denak hori demokrazia dela esaten badu ni ez noa harekin oso urruti. Eta demokrazian legeak momentuan euren beharretara aldatzen joaten direnekin ere ez. Dena den, mozio etikoa dela-eta, Aralarrek argi adierazi zion ez zuela ahalegin horretan lagunduko, guk bake bidean ez genuelako ulertzen inor baztertu behar denik eta justu horixe da eurek proposatzen dutena. Gure ustez, zenbat eta partehartze gertuagoa izan eta partehartze horretan zenbat eta aktibogoak izan, errazagoa da demokraziaren oinarrietara iristea". 

 

PSE-EE: alderdi demokratikoak erantzule

Paco Gartzia sozialisten bozeramaileak, berriz, dio oraindik goizegi dela ezer esateko eta erantzuleak izendatu ditu: "Goizegi da esateko mozioak arrakasta izango duen edo ez jakiteko. Nik alderdi politikoen esku uzten dut ardura, Arrasaten gobernu demokratiko bat era dadin".

 

Baina, bereziki, EAJk hartutako konpromisoa gogora ekarri du: "EAJk dio hartuta dituen konpromisoak bete egingo dituela gainerakoek euren konpromisoak betetzen dituzten neurrian. Beraz, EAJri eskatu behar zaiona da gai hauetan serioagoak izan behar direla. Exekutiben artean eman behar dira eman beharreko pauso guztiak".

 

"Hasieran EAJk zentsura mozioa babesteari ezezkoa eman zion, baina gero akordioa lortu zen lehenengo mozio etikoak aurkezteko eta EAEko antzinako kideek indarkeria eta terrorismoa gaitzesten ez zuten lekuetan zentsura mozioak aurkeztuko genituela. Bigarren fase horretan gaude. EAJri dagokio, guri moduan, exekutiben artean adostutako akordio horiei erantzutea eta baita gainerako alderdi demokratikoei ere, halaxe adostu zuten-eta Legebiltzarrean". 

 

Zentsura mozioa babesteko gainerako alderdiek eskatzen duten udal programari dagokionez, berriz, Paco Gartziak dio hori ez dela lehentasuna: "Ziurta nezake udal programa adostuko dugula, ez dut horretarako bat ere zailtasunik ikusten; baina une honetan dagoen programa bakarra da demokraziaren, askatasunaren, duintasunaren eta etikaren defentsa. Gainera, zentsura mozioak aurrera eginez gero orain dagoena baino gobernagarritasun handiagoa legoke, alderdi gehiago izango beharko liratekeelako gobernuan. Dena den, gainerako alderdiekin udal programa adosteko ez dut arazorik ikusten".

 

Ezker abertzalea: "interes partidistak"

 

Bukatzeko, ezker abertzalekoek uste dute sozialistak hauteskundeetara begira dabiltzala: "Interes partidistei erantzuten dion estrategia gisa ulertzen dugu eta Ezker Abertzalea eremu politikotik ateratzea du helburu. Duela hilabete mozio etikoarekin arrakastarik lortu ez zutenez, PSOEren gobernuak Garzonen bitartez Ino kartzelaratu zuen. Honekin nahikoa ez eta oraingoan, zentsura mozioarekin datozkigu herrian samindura eta haserrea areagotuz. Badirudi, konponbide eta normalizaziorako borondatea erakutsi beharrean, hauteskundeetako aurre kanpainan buru belarri sartuta daudela. Nabarmendu nahi genuke zentsura mozioa aurrera aterako ez dela ikusirik, Arrasateko Udal Gobernuaren kontrako jazarpena egunerokotasunean aurrera daramatela".

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak