EB-Zutik eta PPk salatu dute San Josepen leherketak egiteko baimena eman dutela

Ubane Madera 2008ko uzt. 3a, 19:14
Biek ala biek salatzen dutena zera da: Arrasateko Udalean hitzartuta dagoenaren kontrara, oraingo udal gobernuak atzera ere baimena eman duela San Josepen leherketa gehiago egiteko.

Batetik, EB-Zutik koalizioak salatu du Hirigintza Batzordeak ez zuela harrobikoek eskatutakoa onartu eta "ulertezina" dela udal gobernuak baiezkoa ematea. Dio  "2007ko otsaileko hitzarmenak orain baimendu diren ekimenak atzera bota" zituela. Gaineratu du haiek proposatu zirenean, EB-Zutik koalizioak kontra egin zuela, Udalean hitzartutakoa ez zuelako errespetatzen eta gainera, leherketa horiekin gainditu egiten zirelako esplotazioaren mugak". Horrekin batera, oraingo udal gobernua akusatu du "esplotazioaren mugak handitzeko baimen eskaera luzatzeko ezezkoa eman zueneko datu berekin" eman duela orain baiezkoa. Gaineratu du pentsatzen dabiltzala errekurtsoa ipintzea.

PP: "Atzera ere lehengora"

PPk, berriz, salatu du, baita ere, gai horren gaineko azkeneko hitzarmena sinatu zutenean "argi geratu" zela "harrobiak baimendutakoa baino harri gehiago" aterata zuela dagoeneko. Eta gaineratu du legealdia aldatu arren, atzera ere lehengora bueltatzen garela eta "gune hura lau uzteko aitzakiarekin", beti ere, Udalak "aurreztu" egin behar duela esanez eskatu dutela orain leherketa gehiago egiteko baimena. Bestalde, galdetzen du ea udal ordezkariek zela dakiten guztia lau  uzteko erabaki hori dela etorkizunerako egokiena; izan ere, PPko bozeramaileak azpimarratu du "momentuz harrobiaren espazioan zer egin daitekeen jakiteko ideia lehiaketa" bakarrik deitu dela, beraz, ez dakigula "espezialista horiek zer aurreikusiko duten" eta horren ondorioz, ez dakigula gunea dagoenetan gura duten edo aldatuta.

Baimenaren arrazoiak

Udal agintariei galdetuta, berriz, jarduneko alkateak azaldu du "ulertzen" duela "euren kezka", baina azaldu du, baita ere, batzorde informatzailean "bi postura zeudela, batzuk alde eta beste batzuk kontra", nahiz eta "gehiago" izan kontrakoak. San Josepe harrobiaren udal hitzarmenaren gainean, berriz, azaldu du hura aztertuta "gauzak" ez daudela argi, "saiakera ezberdinak" egin direlako eta besteak beste, "epeak aldatu" egin direlako. Eta bukatzeko azaldu du bi arrazoi nagusirengatik eman dutela leherketa gehiago egiteko baimena: "Gure konpromisoa da, nahiz eta leherketa gehiago egin, itxiera muga ez dela aldatuko". Hori da arrazoietako bat; bestea, honako hauxe: "Leherketa batzuk egin gabe geratu ziren; orain planteatzen dutena da Banku 1 deitzen den hori leherketa bitartez kentzea. Gure arrazoia hori onartzeko da, gune horretarako ideia lehiaketa abian dagoenez, hori guztia libre uztea eta dena lautzea. Bestela, gerta liteke orain ez bada egiten koste gehigarri bat izatea Udalarendako hori lau behar izatea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak