EAko Esther Larrañagak salatu du Epeleko araztegia egiteko lanek bi urteko atzerapena dutela

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ots. 25a, 19:45

Eusko Alkartasunak Arrasateko Epeleko araztegi aukeratu du kanpaina ekitaldia egiteko. Esther Larrañagak salatu du Espainiako gobernuak bi urteko atzerapena daramala proiektu horretan. Botoa eskatu du eta EAren hautagaiak aurkeztu ditu.

Eusko Alkartasuneko Esther Larrañagak uste du ezinbestekoa dela Madrilen egotea eta Epeleko ur hondakinen araztegia jarri du adibide gisa. "Uste dugu adibide argia dela ikusteko Madrilgo gobernuak euskaldunak nola tratatzen dituen", adierazi du Larrañagak. "Dagozkien ekimenak eta betebeharrak ez dituzte betetzen edo oso berandu betetzen dituzte. Hori agerian jartzera etorri gara. Eta ez da bakarrik uraren kasuan gertatzen. Edozein politikari begiratuz tratamendu berbera jasotzen dugu. Berdin dio alderdi popularra gobernuan egon edo alderdi sozialista".

Debagoieneko hautagaiak

Larrañagak Debagoieneko EAren hautagaiak aurkeztu ditu. Amaia Larrañaga, Pello Urizar, Pedro Mendieta, Lore Martinez eta Juan Carlos Bengoa, hain zuzen ere. Esan du EAk euskal herriaren izaera eta erabakitzeko eskubidea defenditu dituela Madrilen.

"Behar beharrezkoa da Madrilen abertzaleen ahotsa egotea, ezkerraren ahotsa egotea. EAk ozenki aldarrikatuko du Madrilen euskal herriaren izaera. Bereziki, bakea, independentzia, giza eskubideak eta berdintasuna", esan du Larrañagak. "Madrilen egon behar dugu. Alde batetik gizarte eta ingurumen politika garatzeko, gugan eragina dutelako. Eta beste aldetik herri honek duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. EAko hautagaia den Nekane Artzelaik egunero jarriko du agenda politikoan herri honek duen erabakitzeko eskubidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak