EAEko zinegotzi ohiek Talde Mistoan jardungo dute, eskubide guztiekin

Ubane Madera 2008ko ira. 19a, 15:27
Atzoko osoko bilkuran aurreikuspenak ez ziren guztiz bete, eta Estatu mailako komunikabide batzuk etorri ziren arren, ez zen izan azken urte honetan izan ditugun plenoak bezain istilutsua. Aretoa, hori bai, bete samar izan zen; hainbat herritar izan zen-eta egueneko saioa ikusten. Dena den, lasai samar joan zen osokoa eta nahiz eta eztabaida politikoa izan, 20:00etarako bukatu zen. Alderdi sozialistako ordezkariak izan ziren eztabaida politikoa bideratu zutenak, Talde Mistoaren puntuaren harira. Izan ere, atzoko udalbatzarrean baziren puntu bi Eusko Abertzale Ekintza taldearen disolbatzea eta Talde Mistoaren sorrerarekin lotura zuzena zutenak. Bigarrena izan zen zeresan handiena eman zuena.

Izan ere, puntu horretan berretsi egin zuten Eusko Abertzale Ekintzako zinegotzi ohien egoera: hau da, Talde Mistoan jardungo dutela lanean, talde moduan. Hain justu, maiatzetik dihardute Talde Mistoan, baina modu probisionalean. Hala, atzoko batzarrean erabaki hori behin betirako onartu zuten eta PSE-Eek erabaki horren kontra aurkeztutako alegazioak atzera bota zituzten.

Paco Gartzia bozeramaile sozialistak azaldu zuen eurek erabaki horren kontra segituko dutela eta aurrerago bestelako neurriak hartzeko aukera zabalik lagatzen dutela; alegazio horien arrazoiak ere eman zituzten. “Gartzonen Autoaren aplikazioaren gainean Udala egiten dabilen interpretazioarekin ez gaude konforme. Ulerten dugu egigen dabiltzana da, neurri batean, legean tranpa egin Gartzon epaileak bere Autoan agintzen duena ez betetzeko”.

Bestalde, puntu hori aprobetxatuta, Paco Gartzia bozeramaile sozialistak diskurtso politiko gogorra egin zuen; batetik aditzera eman zuen poliziak iazko urrian ANVren muina kartzelaratu ez balu, ANVko kide guztiak ETAren barruan egongo liratekeela; baita ere esan zuen ANV ilegalizatzeko aginduak ez daukala zerikusirik “ideiak ilegalizatzearekin”. Gaineratu zuen ETAk “erail, bahitu eta torturatu” egiten duela eta ANVk bide horretan “animatu” egiten duela ETA, bere jarrerarekin. Ildo beretik, Ino Galparsoro alkateari aurpegiratu zion bere kalitatezko botoari esker ez zutela kondenatu Isaias Carrascoren erailketa. Horrez gainera, bestelakoen artean, aditzera eman zuen Euskal Herria dela “ideiengatik jendea hiltzen duten Europako leku bakarra”.

Bozeramaile sozialistari erantzunez, Ino Galparsoro alkateak esan zuen hemen dagoen arazoaren muina dela herri izanaren errekonozimendu falta, eta gogora ekarri zion arazoa konpontzeko bide bakarra elkarrizketa dela.

Joxe Etxeberria Aralarko bozeramaileak ere erantzun zion alderdi sozialistako kideari esanez hauxe dela Europan herri bakarra ideiengatik herritarrak kartzelaratzen dituztena; eta are gehiago, Aralarko ordezkariak azpimarratu zuen larriagoa dela egungo egoera, izan ere, “kausarekin, biolentzia egiten dutenen kausarekin bat eginez gero, horiek ere zigortuak izan behar direla planteatzen dute eta nik hori demokrata baten ahotik ez dut onartzen”.

Eta bestelakoen artean, Yolanda Perez de Arenatza Talde Mistoko zinegotziak Gartziari esan zion “errealitatea distortsionatu” egiten duela, “alde batera bakarrik” begiratzen duela eta hori argudiatzeko gogora ekarri zituen herrian gertatu izan diren bestelako hilketak, Zapa, Iturriotz eta bestelakoenak, adibidez; kartzelan hiltzen diren presoenak, eta torturen harira, Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariari ustez egindakoak aipatu zituen eta baita ere, Udalan atxilotutako ustezko ETAkideak salatutakoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak