EAEko ordezkariak, Talde Mistora, talde izaerarekin

Ubane Madera 2008ko maiatzaren 30a

Azken osoko bilkuretan baino askoz ere komunikabide eta herritar gutxiagoren aurrean egin zuten atzoko osoko bilkura, giroa lasaiagoa ere bazen, jakina. Ino Galparsoro kartzelaratu zutenetik egin duten lehen osokoa da. Hain zuzen ere, horixe gogora ekarriz hasi zuten bilkura, gaur bete dela hilabete alkatea kartzelaratu zutela.

Horren adierazle, hutsik laga zutela alkatearen jarlekua eta haren lekuan Ino Galparsororen argazki handi bat ipini zutela. Oihana Aranburu alkateordeak salbuespen egoeran bizi garela salatu zuen, eta bestek abest, alkatearen berehalako askatasuna eskatu zuen.

Horren ostean, gai zerrendan aurreikusitako gaiak lantzen hasi ziren eta aurreneko zazpiak Garzon epaileak EAE-ANVren jarduera eteteko agindutako autoaren gainekoak izan ziren.

Horien artean, osoko bilkurak  onartu zuen atzora arte EAE alderdiko ordezkari ziren zinegotziak Talde Mistora pasatzea, eta talde moduan jarduteko orain arte izan dituzten eskubide ia berak mantenduko dituztela.

PSE-EEk eta PPk izan ezik, gainerako guztiek bozkatu zuten horren alde. Hori bai, udal gobernuko kideek, Aralarrek eta EB-Zutik koalizioko kideek “legeak behartuta” eman zuten horren aldeko botoa.

Erabakia inpugnatzeko aukera zabalik

Paco Gartzia sozialistak, berriz, azaldu zuen erabaki horren kontra daudela, Garzon epailearen autoa oker interpretatzen dabiltzalako. Sozialistaren ustez, EAEko kideek ezingo lukete jardun talde moduan, indibidualki, baizik; eta horrez gainera, jasotzen dituzten dirulaguntzak ere eten egin beharko liratekeela uste du, besteak beste. Gaineratu zuen udalbatzarrak hartutako erabakia inpugnatzeko aukera zabalik uzten dutela.

Baltasar Garzon epailearen autoari dagokionez, berriz, labur esanda agintzen du 3 urtez etetea EAEren jarduerak (publikoak zein pribatuak) eta etete hori bost urtera arte luza daitekeela.

Adierazpen  Instituzionala

Garzonen autoaren gainekoak aztertu ostean, aurrera egin zuen osoko bilkurak, bozeramaileen batzordeak proposatuta, Adierazpen Instituzionala irakurri zuten. Besteak beste, gogora ekartzen dute Ino Galparsoro “bozetan izandako emaitzen ondorioz Arrasateko alkatea izendatua izan zela”. Diote alkatearen kartzelaratzea “bidegabea eta arrazoi gabea” dela aditzera ematen dute adierazpen horren bitartez, eta gainera diote justiziak ez duela Ino Galparsorori “askatasuna kentzeko arrazoirik”. 

Bat egin zuten Adierazpen Instituzional horrekin alderdi guztiek alderdi sozialistak eta popularrak izan ezik. Edozelan ere, puntu horretan eta aurrekoan eztabaida politikoa piztu zen Talde Mistoko eta EAJko ordezkarien artean. Besteak beste, hautetsi independentistek EAJri aurpegiratu zioten bateraezinak direla aurreko osoko bilkuran aurkeztutako mozio etikoa babestea eta orain adierazpen instituzionala babestea. EAJk ukatu egin zuen hori.

Bestalde, kontrako botoa arrazoitzeko orduan, Paco Gartzia bozeramaile sozialistak adierazi zuen inori ez diotela ukatzen “politikan berdintasun egoeran parte hartzeko eskubidea” eta PSOEk ez duela “inor kartzelaratzen, justiziak, baizik”. Gartziak azpimarratu zuen “herri honetan botereen arteko banaketa ematen dela”.

Horri erantzunez, berriz, egin zuen Arkaitz Biain zinegotziak gogora ekarri zuen PSOEk sortu zuela Alderdien Legea. 

Kontuak kontu, aldeko 15 botorekin eta kontrako 5ekin onartu egin zuten adierazpen instituzional hori. Hortik aurrera eta azken bi puntuetara heldu arte, gainerako puntu guztiak onartu egin zituen udalbatzarrak, asko, gainera, aho batez. Udalaren eguneroko jardunarekin lotutako puntuak ziren.

Legutioko atentatua

Azkeneko biak, berriz, politikarekin lotutakoak ziren eta hortxe piztu zen berriro ere alderdi politikoen arteko eztabaida. Aurreneko puntuan Legutioko atentatua gaitzesteko PSE-EEk aurkeztutako mozioa eta EAJk, EAk, EB-Zutik koalizioak eta Aralarrek aurkeztutako mozio alternatiboa eztabaidatu zituzten. Bigarren hori onartu zuen azkenean udalbatzarrak, Talde Mistoko zinegotzien kontrako botoekin. Guardia Zibilaren kontrako atentatua gaitzesteaz gainera, besteak beste, mozioan zera esan zuten: “ETAk ez du zilegitasunik herriaren ordezkaritza bere gain hartzeko, ezta inoren izenean beste inor erahiltzeko. Horrela, bada, ETAri desagertu dadila eskatzen diogu, bere jarduera etikoko onartezina delako, normalizazio politikoaren bidean oztopoa delako eta euskal herritar gehienen nahia horixe delako”.

Pankartaren tamainaren gainean 20 minutuz eztabaidan

Eta azkeneko puntuan, berriz, alkatea udaletxera itzultzeko eskatzen duen pankarta udaletxeko balkoian ipintzeko Udaleko Enpresa Komitearen eskaera aztertu zuten. Eta gezurra badirudi ere, horixe izan zen, hain zuzen ere, atzoko osokoak eztabaidarik luzeena eragin zuen puntua. Izan ere, EA, EAJ eta EB-Zutik koalizioko zinegotziak ez zeuden ados alkatea kartzelaratu zutenean balkoian ipini zuten pankartaren tamainarekin. Eta proposatu zuen txikiago bat ipintzea alkatetzako balkoian.

20 minutuan izan ziren hori eztabaidatzen alderdi politikoak. Gogaituta eta irribarre ironikoa ahoan, PPko ordezkaria joan egin zen bozketa egin baino lehen. Kontuak kontu, azkenean, bozketa egin eta udalbatzarrak onartu zuen alkatetzako balkoian ipiniko zutela pankarta, lehengoa baino txikiagoa. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak