ANVk "larritzat" jo du hilketa eta diote kondenatze eskaerek euren kriminalizazioa bilatzen dutela

Maider Arregi 2008ko mar. 12a, 19:55
Arrasateko EAE-ANVko zinegotzi guztiak, Yolanda Perez de Arenaza, Juan Mari Sanpedro , Francisco Maria Arburua, Arkaitz Biain, Oihana Aranburu, Izadi Mondragon eta Ino Galparsoro alkatea batu dira prentsaurrekoa emateko. Gaur, 18:00etan Kulturaten izan da prentsaurrekoa eta Ino Galparsoro alkateak irakurri du prentsa oharra. Hona hemen banatu eta irakurri duen prentsa oharra osorik eta Goiena Telebistak jaso dituen berbak bideo batean:

"Iragan ostiralean Arrasaten izandako gertaera larriaren aurrean, zeinek Udaletxe honetako PSE-PSOEko zinegotzi ohi Isaias Carrascoren heriotza eragin duen, Arrasateko Udaletxeko EAE-ANV zinegotzi talde honek, honako adierazpenak egin nahi ditu:

Lehenik eta behin geure samina eta tristura adierazteaz gain, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu bere senitarteko eta lagun guztiei.

Gertatutakoaren berri izan bezain laster, alkatea zein zinegotziak ospitalera joan ginen Isaias Carrascoren egoeraren berri izateko. Handik hitz egiteko aukerarik izan gabe bidaliak izan ginen. Arratsaldeko bozeramaileen batzordea deitu genuen eta bertan alderdi sozialistak Isaiasen gorpua udaletxean zegoen bitartean ANVko zinegotzirik bertan ez izatea eskatu zigun. Beraien nahia jarraituz, uneoro udaleko bitarteko guztiak haien esku utzi genituen omenaldia egin ziezaioten, horrela beren mina eta dolua erabat errespetatuz.

Gure herrian gertatutakoak era guztietako erreakzioak eta uholde mediatiko izugarria sorrarazi dute. Etengabeak dira ETAk eragindako bortxa bidezko ekintzak gaitzetsi ditzan Ezker Abertzaleari luzatzen zaizkion ezinbesteko exijentziak.

Eskaera horiek gure kriminalizazioa eta joko politikotik kanpo uztea bakarrik bilatzen dute eta aldi berean, alde bateko bortizkeria bakarrik gaitzestera mugatzen dira. Gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jo eta hura konpontzeko benetako saioak ez dira egiten.

Euskal Herria etengabeko samindura eta nahigabea sorrarazten dituen gatazka gordin bat jasaten ari da urte luzeetan zehar.

Elkarrizketa prozesu saiatu baten haustura gertatu ondoren, salbuespen egoera bortitz bat bizi dugu.

Konfrontazio jarrerak nagusitu dira, baina gaur inoiz baino irmoago, adierazi nahi dugu, gatazkaren sustraietara jo behar dela. Alde batekoen aurkako gaitzespen hutsak ez du arazoa konpontzen.

Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzea bideratuko duen akordio politiko batek soilik lortuko du gatazka politiko honi irtenbidea ematea.

Agerikoa da Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat lortzea ezinbestekoa dela; askatasunean, herri honi eta herritar guztioi dagozkigun eskubideen aitortzean eta herri honen gehiengoaren erabakiarekiko errespetuan oinarritua.

Eta hori inolako ordainketa politikorik gabe arau demokratikoen baitan, eta oraindik ere gauzagarria da.

Ardura handiz jokatzeko garaiak dira. Ez dugu sekula gure herriaren askatasun eta bake nahia manipulatuko, ez eta horiekin jolastuko ere.

Guk, lanean tinko jarraituko dugu, gure herriaren eskubideen alde, eta Arrasateren alde, eta nola ez, bai eta gatazka politiko eta armatua eta bere ondorio guztiak behin betiko gaindituko dituen
soluziobide eta akordio politiko baten alde ere. Horixe baita Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahia, eta hori delako gure herriak merezi duena.

Zeresanik ez, Arrasateko Udaletxean hartuak ditugun erantzukizun guztiei aurre egiten jarraituko dugula. Honen harira, esan nahi dugu EB-Zutik koalizioak Arrasateko udal gobernua uzteko hartutako erabakia, errespetagarria izan arren, ulergaitza egiten zaigula. EAE-
ANVk udalean, eta oro har erakundeetan, ordezkaritza izateko erabakia, herritarren hartu zuten maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan. Guk, Udal Akordioa sinatu genuenean eta orain,
gatazka politikoari buruzko irakurketa berdina egiten jarraitzen dugu. Gure aburuz, ez dugu hautsi inolako arau demokratikorik.

Legealdi honen hasieran esaten genuena berresten dugu eta hartutako konpromisoak betetzen jarraituko dugu.

Arrasatearrek emandako ordezkaritza, udal bizitzan eta erabakietan, ahal den eta modurik zintzoenean islatzen saiatuko gara, jokaldi politiko interesatuetan erori gabe, iragan urteetan egin dugun bezalaxe; ziur gaude arrasatearren gehiengoaren onespena dugula horretarako.

Denok ere, ardura handiz joka dezagun dei ozena luzatu nahi dugu; Alderdi politikoek bereziki eta euskal gizarteko eragile guztiek ere;  Konponbidera eramango gaituen benetako prozesu baten aldeko hautua egin beharra dago, gatazkaren erroetara jo eta gertakari hauek zein
gatazkak sortzen dituen indarkeria adierazpen guztiak gaindituko dituen eskenatoki bat lehenbailehen lor dezagun.

Isaias Carrascorena bezalako heriotzarik berriro gerta ez dadin, nahiz egunero inposatzen ari zaigun indarkeriazko salbuespen egoera behin betiko desager dadin, gure nahirik sendoena adierazten dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugula agintzen dugu, gatazka hau
behin betiko konponduko duen akordio politiko zabal batera iritsi gaitezen, eperik laburrenean."


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak