"Sei lagun etxetik datoz (euren etxe partikularretatik) eta gainerakoak tutoretzako etxebizitzetan bizi direnak dira", adierazi du Olatz Etxabek, Iturbide egoitzako langileak.
Erabiltzaileen profila ere deskribatu du: "Denak dira gizonak. Etxetik datozenak 70 urte ingurukoak gehienak, baina bada bat 93koa eta beste bat 89koa. Gehienak dira mutilzaharrak, bakarrik bizi direnak, baina jatorduetarako moldatzen ez direnak".
Ikusten den moduan, beraz, jangela zerbitzua badabil funtzionatzen dagoeneko, baina arduradunek azpimarratu gura izan dute lekua ere badagoela: "Udaletxera jo behar da izena ematera, Gizarte Ongizate Sailera".
Izan ere, esandako mo-duan, zerbitzu hori da etxean bakarrik bizi direnendako; baina baita ere joan ahal dira Arrasateko tutoretzako etxebizitzetan bizi direnak ere. Azken batean, tutoretzako etxebizitza horiek ere helduendako zerbitzuak dira, 60 urtetik gorakoendakoak.
Tutoretzako etxebizitzak
Arrasaten halako hiru daude. 2000. urtea ezkero funtzionatzen dihardute. Eta etxebizitza bakoitzean hiru lagunendako lekua dago: "Bizilagun bakoitzak dauka gela propioa eta gainerakoak konpartitu egiten dituzte: sukaldea, komuna eta egongela, alegia", aditzera eman du Etxabek.
Etxebizitza horietako bizilagunek eskubidea dute Iturbide egoitzako jangela erabiltzeko. "Arropak ere hemen garbitzen dituzte" eta, horrez gainera, "astelehenetik zapatura gizarte laguntzailea joaten zaie etxez etxe garbiketa lanak egitera".
Erabiltzaileen ezaugarriak
Tutoretzako etxebizitzen erabiltzaileen ezaugarriak ere azaldu ditu Olatz Etxabek: "Arrasaten erroldatuta egon behar dute; normalean izaten dira etxebizitzarik ez dutenak eta autonomoak direnak. Hileroko kuota dute ezarrita, eta ordaindu ezin duenak laguntza jasotzen du. 680-700 euro da hileroko kuota hori, eta horren barruan dena dago sartuta: etxearen errenta, garbiketa zerbitzua eta jatorduak. Gainera, halako batean dagoenak lehentasuna du Iturbide egoitzara sartzeko".
Hor ere gizonak
Jangelan moduan, tutoretzako etxebizitzetan ere guztiak dira gizonak, 60-70 urtekoak. "Sasoi batean egon zen emakume talde bat. Gaztetan Arrasatetik kanpora bizi izatera joan ondoren, hemen etxebizitzarik ez zutenak. Orain guztiak dira gizonezkoak eta herrikoak", dio Etxabek.
Badago lekua
Bukatzeko, udal teknikariak aditzera eman du etxebizitza horietan ere badutela lekua, norbaitek beharra izanez gero: "Hiru etxebizitza ditugu; eta bakoitzean hiru lagunendako lekua dago. Bata beteta dago, baina besteetan leku bana dugu".