Arrasate Atletiko Taldeak antolatuta, domekan 29 urte egingo ditu Santamasetako krosak. Eta, azken urteotako probek erakutsi dute sasoi betean dagoen lasterketa dela. Hori horrela izateko, Arrasateko neska-mutikoek dute erru handia, urtetik urtera geroago eta gaztetxo gehiagok hartzen dute-eta esku eurendako antolatzen dituzten lasterketetan. Hala, joan den urtean 94 gaztetxo izan ziren, 11:30ean hasita, korrika. Eta, aurten ere ordu berean izango dute hitzordua.
Nagusietan, 78 lagun
Eta koadrilen lasterketa nagusia ere sasoiko dago. 78 lagunek hartu zuten esku joan den urtean, eta Aritz Kortabarria eta Zuhaitz Ezpeleta izan ziren azkarrenak. Eskutik helduta helmugaratu ziren Antxintxikako biak (20:05). Koadriletan, berriz, Trikimasako lagunendako izan zen bildotsa, eta Mari Fran Alonsok egin zuen nesketan marka onena (25:29). Domekako lasterketari dagokionez, aldaketa gutxi izango da. 12:30ean hasiko da lasterketa, Seber Altuben. Helmuga, berriz, Herriko Plazan jarriko dute, eta antolatzaileak lasterketa baino lehenago ibiliko dira izenak hartzen. Hala, aurten ere krosari dagokio Santamasak badatozela iragartzeko ardura.