Pasa den urtean estreinatu zuen Arrasateko Doke Antzerki Taldeak Actto para la Noche Buena antzezlana. Pedro Ignacio de Barrutiak XVIII. mendean idatzitako lana da berau, Hego Euskal Herrian ezagutzen den lehen euskarazko antzezlana. Iaz hainbat emanaldi egin zituzten eta aurten, ibarreko mugez haratago eramango dute antzezlana.
Iruñean, lehenengoa
Lehenengo emanaldia, abenduaren 13an izango da Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolak antolatuta. Abenduaren 20 eta 21an aldiz, donostiarrek izango dute Actto para la Noche Buenaz gozatzeko parada, euskal antzerkiaren historian ezinbestekoa izan den Antzoki Zaharrean
Nafarroa eta Gipuzkoa bisitatu ostean, Bizkaia aldera egingo dute Dokekoek, Markinara hain zuzen ere. Herriko Udalak antolatu du emanaldia abenduaren 23rako eta herriko frontoian izango da.
Emanaldietara joateko autobusa
Iruñea, Donostia eta Markinako emanaldietara joateko, autobus bat antolatu dute Arrasatetik 15:30ean irtengo dena. Izena emateko, Arrasateko Zabaleta lurrindegira joan behar da.
ETBk grabatuko du
Kanpoan bai, baina geurean ere izango da Actto par la Noche Buena ikusteko aukera. Euskal Telebistak eskaintza egin dio Dokeri antzezlana grabatzeko, eta horixe egingo dute abenduaren 17an. Eta Aramaion izango da aurtengoz behintzat azken emanaldia izango dena. Abenduaren 29an izango da hori, Herriko Antzokian
Emanaldiak prestatzeko, irailean hasi ziren Doke Antzerki Taldekoak entseatzen, eta datorren hileko ikuskizunetarako eszenografiari dagokionez hainbat berrikuntza sartu dituzte. Iruñea eta Donostiako emanaldiak ikusteko sarrerak salgai daude jada, eta Donostiakoak internet bidez ere lor daitezke.