Doble cero taldea aurten nagusi, Zaldibarko 24 orduko areto futbol txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko uztailaren 18a

Txapelketan estreinatu eta 2-1 irabazi diote finala Gazteluondo 4A taldeari. Antolatzaileen esanetan inoiz baino publiko gehiagok jarraitu du txapelketa.

Aurreikusitako ordutegiak betetzea lortu dute, eta txapelketan lehen aldiz parte hartu duen Doble cero taldeak irabazi du. Finala borrokatua izan da, oso intentsua.

Neska bat txapelketan

Antolatzaileek kalkulatzen dute 20 taldetan banatuta 200-230 lagun inguruk jokatu dutela aurten Zaldibarko 24 orduko txapelketan. Guztiak mutilak, eta denen artean emakume bat; Ane Herrero. Basati taberna taldearekin jokatu du Anek eta gola ere sartu du. Jakin dugu min hartuta amaitu duela txapelketa, baina saria ere jaso du. Hainbeste mutilen artean jokatzeko ausardia erakutsi izanagatik, jokalari onenaren saria jaso du.

Lekuz kanpoko jarrerak

Txapelketaren aurtengo edizioak emandakoarekin gustura azaldu dira antolatzaileak. "Iaz baino lau talde gehiago izan dira txapelketan, eta esango nuke inoiz baino jende gehiago egon dela norgehiagokak ikusten", adierazi du antolatzaileen taldekoa den Gorka Bergaretxek. "Joko maila ere oso altua izan da. Nabaritu egiten da futbolean aritzen den jendea, federatuak daudenak. Oporretan daude eta Zaldibarren jokatzen dute. Fisiko oso ona dute".  Puntu ilun bakarra izan du aurtengo edizioak antolatzaileen esanetan. "Azken zortzireneko bi partidutan tentsio une oso gogorrak egon dira". Ez da ezer larririk gertatuta, baina herri mailako txapelketan batean jarrera horiek lekuz kanpokoak direla uste dute antolatzaileek.

Emaitza guztiak eta informazio zabalagoa ASTELEHENEKO GOIENKARIA-n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak