"Herri bakoitzeko elkarteek aterako dute agenda herri horretan egingo dituzten ekintzekin. Eta bai elkarte horretako kideek zein bestelako euskara elkartekoek ere aukera izango dute beherapenak eskuratzeko ekintza horietan. Eta horrekin batera, baita gainontzeko euskara elkarte guztien ekintzetan ere" azaldu du Markel Lopez de Bergarak, AEDko bazkidetza kanpainako arduradunak.
Euskara elkarteko guztietako bazkideei
Izan ere, Arrasateko euskalgintzako elkarteak izan dira Topakide txartela bazkideen artean banatzen lehenak. Baina datozen hilabeteotan gure ibarreko gainontzeko euskara elkarteek ere banatuko dituzte halakoak, Topaguneak, euskara elkarteak batzen dituen EAEko erakundeak bideratutako ekimena da-eta Topakide txartela.
Zelako beherapenak eskura daitezkeen kontsultatzeko, berriz, honako webgunearen agenda atalean azalduko da informazioa: www.topagunea.com.
Bazkide kanpaina
Bestalde, Arrasateko euskalgintzarekin lotutako beste berritasunetako bat da euren aldizkaria, ATEA euskarri digitalean bidaltzen hasiko zaizkiela bazkideei. Haien datuak eguneratzen dabiltza orain.
Eta horrekin batera iragarri dute datozen hilabeteotan bazkide kanpaina abiarazi behar dutela: "Gura dugu apur bat gure elkarteari gaztetasuna eman, aspaldi ez dugulako egin bazkidetza kanpaina (orain 11 urte) ; gura dugu herriko jendea gureganatu eta bazkide berriak sortu", azaldu du Lopez de Bergarak.
800 bazkide
Gaur egun 800 bazkide dituzte AED, Txatxilipurdi eta Ekin-Emakumeak elkarteek. Oso kopuru altua da hori, "bestelako euskara elkarteei begiratuta, kopururik altuenetakoa dugu", azaldu dute AEDtik.