Des-Kontrol taldeko ordezkariaren arabera, hainbat arazo izan dituzte Monterrongo kontzertua aurrera ateratzeko eta pena handiz bertan behera uzteko beharrean aurkitu dira. Edozein modutan, dei egin diete taldearen jarraitzaileei 3 aretoko kontzertura joateko. Taldeak bere ibilbidearen errepasoa egingo du kontzertu horretan. Era berean, taldearengan eragina izan duten hainbat taldek protagonismo berezia izango dute.
Besteak beste, Des-Kontrolekin batera ondorengo lagunek parte hartuko dute 3 aretoko emanaldian: RIP-eko Julek eta Txerrak eta beste hainbat musika taldek ere bai; besteak beste, Puñetazo, Arkada Social, Zakarrak, The Fridays Crew, eta Iskanbila taldeek; Frontkick alemaniarrak ere izango dira 3 aretoan. Jaialdia 22:00etan izango da. Sarrerak 12 eurotan eskuratu ahal izango dira eta kontzertuaren egunean, 3 aretoan, 15 eurotan jarriko dituzte salgai. Ohiko tokietan daude salgai.
Zuzeneko diskoa
Hasiera baten, esan bezala, zuzeneko diskoa grabatzea zen asmoa, baina, proiektua hurrengo baterako atzeratzea erabaki dute. Monterrongo kontzertua eta nazioarteko birako irudiak batu nahi zituzten DVD baten. Des-Kontrolekoek aurrerago emango dute jakitera zuzenekoa grabatzeari ekiten dioten ala ez.
Bien bitartean, nazioarteko birari ekingo dio taldeak; abenduan Alemaniara joango dira, hurrengo urteko urtarrilean Japonian zehar bira egingo dute eta 2011ko apirilean Argentinan jotzeko hainbat hitzordu dituzte dagoeneko.
Udako agenda ere nahiko beteta daukate Des-kontroleko kideek: egubakoitzean, ekainaren 25ean, Baionan izango dira. Uztaileko kontzertuei dagokienez hauexek dituzue: uztailaren 2an Usurbilen joko dute; 9an Zaldibarren eta Pasai Antxon izango dira; 10ean Bidarrain, Iparraldean; 16an Donostiako Gros auzoan, Saguesen; 17an Zaldibian; 24an Berangon; eta 31n, San Inazio egunean, azkenik, Pasai Donibanen.