Denboraldiko lehen puntuak errugbiko neskendako

Irati Agirreazaldegi 2008ko urr. 26a, 20:58
Iruñeko La Unica taldearen aurkako partidua galdu egin zuen zapatuan Arrasateko senior mailako nesken taldeak (5-44). Hala ere, denboraldiko hirugarren partiduan lehen puntuak eskuratu zituen.

Aurkari gogorrak dira iruindarrak, urte askoan dihardute  errugbian jokatzen eta hori arrasatearren kalterako izan zen. Mikel Zabala entrenatzaileak esan digunez, “Joko zikina erakutsi zuten eta metro dezente kendu zizkiguten. Baina arbitroak, partiduan aurrera joan ahala, euren joko zikina ikusita, hainbat falta adierazi zituen iruindarren aurka eta hor abantaila lortu genuen. Partiduko puntu apurrak ere orduan eskuratu genituen”.

 

Partidu nahasia

Lehenengo zatiaren amaiera aldera, taldean egindako jokaldi bati esker Lierni Altunak egin zuen entsegu eta orduan eskuratu zituzten Arrasatekoek bost puntu. Taldeko neskak partiduaren amaieran pozik ziren denboraldiko lehen puntuak eskuratuta, baina entrenatzaileak ez zuen partidua gustura amaitu. Azkenean, La Unicako neskek euren esperientzia baliatu zuten norgehiagoka irabazteko. “Partidu nahasia izan zen, eurek baloia esku artean gu baino denbora gehiagoan izan bazuten ere, galdu egiten zuten, gero guk hartu eta baita galdu ere, hortaz, nahiko nahasia izan zen eta ez zidan zapore ona utzi”, esan digu Mikel Zabalak.

Hurrengo partidua Durangoko taldearen aurka jokatuko dute eta entrenatzaileak esan digunez, "ligan hasiberriak gara eta beste taldeek urte askoan dihardutenez, ahal duguna egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak