"Denbora eta ilusioa da falta zaiguna"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mar. 26a, 18:13
Arrasateko Enboskada taldeak agur-kontzertua emango du zapatuan 3.60 aretoan. Kontzertua 23:00etan hasiko da; ondoren, Dj Pottoko eta Dj Moek girotuko dute gaua. Sarrerak salgai daude Irati tabernan 3 euroren truke; leihatilan 5 eurotan salduko dituzte. Bihar, barikua, elkarrizketa zabala egingo diote Arrasate Irratian.

1997an sortu zuten Enboskada taldea. "Antzerako musika gustuko genuen bost lagun elkartu ginen. Gaztetxean galdetu genuen ea bazegoen lekurik guk entseatzeko, eta Arkada Socialekin batera hasi ginen", gogora ekarri du Oxel Arrieta Enboskadako kideak.
Bost lagunek osatzen dute Enboskada: Asier Salak (gitarra), Urtzi Madinabeitiak (baxua), Oxel Arrietak (ahotsa), Josu Zubizarretak (bateria) eta Mikel Arresek (gitarra).

Lehenengo kontzertua

1998ko maiatzaren 1ean egin zuten lehenengo kontzertua Elgetako Panaderokua tabernan Enboskada taldeko mutilek. Ordutik hona hainbat kontzertu egin dituzte, eta une onak eta txarrak pasa dituztela diote.
"Hasi gineneko garaia oso ona izan zen. Motibazio izugarria geneukan, eta horrek asko lagundu zigun lana egiterakoan", dio Arrietak. Leku berriak ezagutzeko aukera eman die musikak arrasatear musikarioi, eta hori da azpimarratu gura dutena. Gainera, urte hauetan bizi izandako esperientzia ere nabarmendu dute.
Euskal Herri osoan barrena ibili dira arrasatearrak euren musikarekin; baina, gure mugetatik haratago, Galizian ere izan dira, adibidez.

Denbora falta

Taldea zergatik utziko duten galdetuta, Arrietak dio ez dutela denborarik elkarrekin egon eta entseatzeko. "Musika talde batek denbora eskatzen du, eta momentu hauetan ez gara askorik elkartzen. Baina, horrez gain, ilusio falta ere badago; bestela, egingo genuke zerbait aurrera egiteko", azaldu du Arrietak.
Gaineratu du gaur egun kontzertu gutxi ematen dabiltzala; baina horren harira dio Enboskada beti izan dela kontzertu gutxi emateko taldea.

Oi! musikaren egoera

Enboskadak oi! musika egiten du. Batez ere 90eko hamarkadako musikaren eragina izan dute arrasatearrek. "90eko hamarkadako musika ingelesa eta Euskal Herriko musikaren eragina izan dugu; baina ez gara talde jakin batekin identifikatu izan", dio Arrietak.
12 urte hauetan oi! musikak izan duen bilakaera nabarmena izan dela onartu du Arrietak: "90eko hamarkadan Zakarrak, Iskanbila eta Lager 33 bezalako taldeak zeuden, gero Des-kontrol, Arcada... sortu ziren. Ordutik gero eta talde gazte gehiago ikusten da oi! mugimenduaren inguruan", dio Arrietak.
Zapatuko kontzerturako euren abestiak eta bertsioak gertatu dituzte. Eta gaineratu dute sorpresaren bat izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak