"Dementzia gaixoekin nola jokatu erakustea da helburua"

Dementziaren gaineko ikastaroa antolatu dute Ekin Emakumeak eta Bizikasi elkarteek datorren abenduaren 14tik 18rako (15:30-18:30). Guztira 15 ordu iraungo ditu eta espainolez izango da. Ekin Emakumeak elkartearen egoitzan emango da ikastaroa.

Tailerrak Sonia Ulazia Adindu enpresako kideak zuzenduko ditu eta aurreratu duenez, "Dementzia gaixoekin nola jokatu erakustea izango da helburua". Izan ere, adituak dioenez, "gaixoak, batez ere gaitzaren lehen fasean, asko sufritzen du".

Hartzailea, parte-hartzaile


Ikastaroan azalpen teorikoak "ezinbestekoak" dira, "hartzailea gaixotasunaren inguruan informatzeko". Hala ere, Ulaziak gaineratu duenez, ikastaroak "izaera parte-hartzailea" izango du eta horretarako ariketak eta dementzia kasuen azterketa praktikoak egingo dituzte, besteak beste. Hala, dio irakasleak, "guztiok ikasiko dugu gehiago eta saioak emankorragoak izango dira". Izan ere, honakoa uste du Adinduko kideak: "dementzia duenaren ondoan bizi denak askotan ez du jakiten nola jokatu. Bada, ikastaroan jarrera zehatz batzuk hartzen erakusten asko saiatuko gara". Noski, hartzaileak jarrera aktiboa erakutsi beharko du ikastaroa arrakastatsua izan dadin.

Gaitza gertutik bizi dutenei


Gura duenarendako ateak zabalik izango ditu dementziaren gaineko ikastaroak, Ulaziak jakinarazi duenez. Edozelan ere, gaixotasuna gertutik bizi dutenendako dago bereziki zuzenduta. Hala nola, gaixoaren edo pertsona edadetuen zainketa lanetan dihardutenendako edo gaixoaren senideendako.

Oraingoz, hedapena ekiditea bakarrik
Antzeko sintomak dituzten burmuineko gaitz ezberdinen multzoari deitzen zaio Dementzia, eta gaixoarengan eta ingurukoengan eragin handia du. Ez du sendabiderik eta beraz, tratamendu orok gaitza ahalik eta geldoen hedatzea du helburu. Sintomei dagokienez, hiru mailatan eragiten du Dementziak gaixoarengan: maila kognitiboan –memoria, ikasteko gaitasuna, lengoaia eta pentsamendua kaltetzen ditu– , maila funtzionalean –gaixoari asko kostatzen zaio eguneroko eginbeharrak burutzea– eta azkenik, maila psikologikoan –oso gogorra da, batez ere lehen fasean, gaixoa oraindik jakitun denean–.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.