Zaldibarko egoitza, 1976an Debagoieneko Mankomunitatea sortu zenetik, jabetzan duen lehen egoitza da. Azken 28 urteotan, Mankomunitatea Arrasate Pasealekuko eraikin batetan kokatuta egon da, eta horren aurretik, Bergaran, Aretxabaletan, eta Arrasateko Aldai kalean izan zuen egoitza, betiere, alokairuan.
Hiru solairu ditu Zaldibarko egoitza berriak. Lehenengo solairuan, Suradesa, Debagoieneko etxebizitza ondarea birgaitzeko enpresa, Mankomunitateko garapen ekonomikorako agentzia zerbitzua, eta zerbitzu horren baitako enpresa ekintzetarako zentroa daude. Enpresa ekintzetarako zentroak, industri eta zerbitzu moduluak ditu egoitzan, enpresa berriak eratzen laguntzeko.
Bigarren solairuan, Zerbitzu orokorrak eta euskara eta ingurumen departamentua daude, hain zuzen, orain arte Arrasate Pasealekuan zeuden zerbitzu guztiak. Bigarren solairu honetan bestalde, Garapen ekonomikorako agentziaren baitakoa den baina Arizmendik kudeatzen duen Lanbide Hastapena dago. Hirugarren solairuan berriz, bilera gelak ipini dituzte eta eraikinaren gainaldea, landarez apaindu dute.
Mankomunitateko langileak gustura daude eraikin berrian.
Eraikin berriak 1.200 metro koadro ditu guztira eta 20 langiletik gora ari dira egunotan bertan lanean.