Deba ibarreko euskararen gaineko hitzaldia

Usoa Agirre 2007ko otsailaren 8a

Koldo Zuazo hizkuntzalaria izango da hizlaria eta "Deba ibarreko euskara eta Tokiko batua" izeneko liburuaren gainean jardungo du. Gaur, hilak 8, izango da hitzaldia, 19:00etan, kultur etxe berrian. AED elkarteak antolatu du.

Gaia

Asko baretu dira euskalkiak direla eta euskara batua dela garai batean izandako eztabaidak eta, gaur egun, bata bestearen etsai barik, bata bestearen osagai direla onartzen da. Bata eta bestea non eta noiz erabili ondo asmatzea da kontua.

Euskara batua, berriz, gero eta zabalduago dago eta gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da, eta egoera berriak arazo berriak ekarri ditu. Hauxe da galdera: euskara batu berbera erabili behar ote dugu leku guztietan? Euskara batu berbera erabili behar ote da Aretxabaletako eskolan eta Euskal Herriko Unibertsitatean? Euskara batu berbera Eskoriatzako Udaletxeko agirietan eta Eusko Legebiltzarrekoetan? Euskara batu berbera Oñatiko ULMA lantegian eta Donostiako Kursaalen egiten den nazioarteko kongresu batean? Euskara batu berbera Arrasateko Euskaltegian eta Lazkaoko "Maizpide" barnetegian? Euskara batu berbera Goienkarian eta Berria egunkarian?...

Herri euskaldunetan bertara egokitutako batua erabiltzea izan daiteke etorkizuneko bidea: Tokiko batuak eraikitzea. Tokiko batu horiek non eta zelan erabili da gogoetarako gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak