Dayna Kurtz: jazz izarren ahotsa duen 'errepideko animalia', domekan izango da Amaian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 1a, 12:49
Dayna Kurtz musikari amerikarra izango da domekan Amaia antzokian (19:30). Erabat gomendagarria den emanaldia da, Kurtzen ahotsa zuzenean entzutean hunkitu egingo dira ikusleak. Emanaldiak izugarri merezi du; hala ere, Dayna Kurtz ez da oso ezaguna gure artean. Hortaz, 10 eurotan saltzen diren sarrerak –www.kutxa.net bidez erosi daitezke– ez dute agortzeko arriskurik.

Errepideko animalia. Halaxe deskribatu izan du bere burua Dayna Kurtz musikari amerikarrak. Izan ere, 90eko hamarkada osoa egin zuen AEBetako areto txikietan barrena, ezezaguna zen ikusleen aurrean. Jazz, country edo folkaren izar handien antzera. Eta izar horien antzera, ezagutzera eman denean, arrakasta aurkitu du. Erabateko arrakasta. Kurtzen ahotsa eta haren gitarra jotzeko era ez dira gutxiagorako.
Bada, Dayna Kurtz Arrasateko Amaia antzokian izango da domekan (19:30), haren azken lana aurkezteko: American Standard. 2006an kaleratu zuen Another Black Feather diskoaren jarraipena da azken disko hori. Duela 20 urte inguru murgildu zen musikaren errepidean eta urteotan hainbat lan kaleratu ditu. Lehen urteetan ateratako gehienak kasetean atera zituen kontzertuetan saltzeko, merkeagoak baitziren. Hala ere, aurrez aipatutakoez gain, Postcards From Downtown da lanik aipagarriena, lan hurak ezagutarazi baitzuen harribitxia.

Ahots sarkorra eta hunkigarria
Kurtzen ahotsak hunkitu egingo du ikuslea; ahots sarkorra, berezia du Kurtzek, erregistro anitzekoa. Finean, haren ahotsa jazzaren, folkaren edo soularen izar handienekin konparagarria da, erabat. Agertokian gitarra du lagun, baina dioenez, "abestu zein gitarra jo, biak ditut gustuko; baina gutxiago pentsatu behar izaten dut abesteko".

Blue Mountain taldearen babesa izango du Kurtzek

Dayna Kurtzek goi mailako taldea izango du atzean; Blue Mountain taldea, hain zuzen. 1991n sortua, esperientzia handiko taldea da. Alt-countryaren –country alternatiboaren– talde aitzindarietako bat, 2007an itzuli ziren agertokietara zenbait urtez geldi egon ostean. Sarrerei dagokienez, www.kutxa.net bidez erosi behar dira, 10 eurotan bakoitza. Kontzertuak izugarri merezi du, baina gure artean Kurtz ez da oso ezaguna. Hortaz, ez dago sarrerak agortzeko arriskurik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak