Datorren zapatuan hasiko dira 'Bir-zikleta'-rako materiala jasotzen

Jon Berezibar 2008ko irailaren 4a

Azken urteotakoari eutsita, Mugikortasun Astea landuko dute Europako herrialdeetan irailaren 16tik 22ra, eta Arrasaten ere izango da ekitaldirik. Tartean, Udaleko Ingurumen Sailak dagoeneko egin du deialdia Bir-Zikleta izeneko azokan parte hartzeko eta iragarri du zehaztu dituela dagoeneko azokarako materiala batzeko hitzorduak. Hain justu, hiru egunez izango dira Udal azokan: irailaren 13an (zapatua), 16an (martitzena) eta 18an (eguena).

Urtero moduan, materiala eraman ahal da goizean 11:00etatik 13:00ak bitartean eta arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara. Materialaren salneurria jabeak ipiniko dio eta saltzen ez duten materiala jabeari bueltatu egingo diote.

Gogoan izan bizikletekin lotutako bigarren eskuko materiala eraman behar dela, egoera onean dagoen edozein material: bizikletak (mendikoak, paseokoak, errepidekoak…), patinak, patineteak, kaskoak, belozimetroak, gurpilak, eskularruak, maillotak eta beste.

Azoka bera irailaren 20an egingo dute, zapatua, Seber Altube plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Edozelan ere, Mugikortasun Astearen harira, bestelako ekitaldi batzuk ere badabil antolatzen Arrasateko Udala. Datozen egunotan emango dizuegu guztiaren berri xehetasunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak