Kopurutan begiratzen badugu, uraren zerbitzuagatik, ur kontagailuen araberako prezioa kobratuko dute. Normalena izaten da etxeetan 15 milimetroko kalibredun kontagailua izatea. Bada horregatik ordaindu beharko da 19,65 euro hiruhilero.
Eta horri gehitu behar zaio kontsumoaren araberako tarifa. Hala, 50 m3-ra arteko kontsumoarengatik tarifa da 0,49 euro m3 bakoitzeko; eta 500 m3 kontsumoarengatik tarifa da 0,98 euro m3 bakoitzeko.
AUKEAko zerbitzuak
Bigarren salbuespenari dagokionez, berriz, %2ko igoera orokorra aplikatzeak honako prezioak ekarriko ditu kiroldegiko instalazioak erabiltzeagatik: adibidez, abonu plus indibidualarengatik 176,65 euro, eta familiarrarengatik, 276,95 euro. Debagoieneko abonu plus indibidualarengatik 190 euro eta familiarrarengatik 293,85 euro. Eta udako abonu indibidualarengatik 58,90 euro eta familiarrarengatik 92,25 euro.
Garagartzako ortuak
Beste salbuespen bat litzateke zerga berriak sartu dituztela 2010eko jardunaldirako. Adibidez, Garagartzako ortuak erabiltzeagatik zerga: 54 euro hiru hilero, 216 euro urtean. Edo telefonia mugikorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei udal jabetza erabiltzearren kobratu gura dieten zerga.
Edozelan ere, esandako moduan, zerga gainerako tasak bere horretan utziko dituzte. Adibidez, datorren urtean zaborrarengatik aurtengo kopuru bera ordaindu beharko dute arrasatearrek; baita hilerriko zerbitzuengatik, Ibilgailuen Gaineko Zergarengatik (zirkulazio zerga) edo Ondasun Higiezinen Gaineko Zergarengatik (IBIarena).
Alternatiba-Zutik, kontra
Udal gobernuko kideek, eta oposizioko alderdi politiko nagusiek, PSE-EEk eta EAJk bat egin zuten 2010erako zergen proposamenarekin. Aldeko botoa eman zuen, baita ere, Eusko Alkartasunako ordezkariak. Aralar abstenitu egin zen eta Alternatiba-Zutik koalizioko hiru kideek kontra bozkatu zuten. PPko ordezkaria, berriz, ez zen atzoko udalbatzarrean izan.
Alternatiba-Zutik koalizioak kontra bozkatzearen arrazoia, berriz, izan zen zerga proposamenari aurkeztu zizkion hiru emendakinak atzera bota zituztela.
Aurrenengo emendakinean koalizio ezkertiarrak azaldu zuen Garagartzako ortu publikoengatik hiru hilero 54 euro edo urteko 216 euro ordaintzea larregikoa dela. Era berean, uste dute langabetu zein pentsiodunendako beherapenak ezarri beharko lituzketela, kiroldegian egiten duten moduan. Hala, proposatu zuen ortuengatik hiru hilero 36 euro kobratzea eta langabe eta pentsiodunek, berriz, hiru hilero 15 euro ordain dezatela.
Beste emendakin bat Jarduera Ekonomiken Zergari dagokio. Hori igotzea proposatu zuen koalizioak. Eta azkenik, plusbalioen gaineko zerga progresiboagoa egiteko eskaera ere egin dute, bidezkoagoa izan dadin.