Datorren urtean zergak ez izoztea proposatuko du Ogasun batzordeak

Ubane Madera 2010ko urr. 4a, 15:38
Ogasun batzordeak proposatu du datorren urteko zergetan %2ko igoera orokorra aplikatzea; hau da, Kontsumo Prezioen Indizeari dagokion igoera aplikatzea. Horrek esan gura du aurten ez dituztela zergak izoztuko, iaz moduan. Egueneko osoko bilkuran aztertuko dute gaia (19:00).

Zergak ez izoztea proposatzearen arrazoia da Udalak berak ere dirua behar duela herriaren eta erakundearen funtzionamendurako; besteak beste, inbertsioak egin ahal izateko  eta zorrei aurre egin ahal izateko. Jakinekoa da-eta, 2009-2010 jardunerako aurreikusita zeuden proiektu asko ezin izan dituztela gauzatu Udaleko diruak bestelako beharretarako erabili dituztelako; larri dabiltzan herritarrendako, adibidez. 

Hori horrela, esandako moduan, zergen igoera orokorra %2 izatea proposatuko du Ogasun batzordeak, baina salbuespenak ere izango dira igoera orokor horretan. Horietako bat da ura %3,5 igoko dutela, Uren Kontsorzioak berak igoera hori aplikatuko duelako.

Salbuespenak: ura, kiroldegia eta ondasun higiezinak

Beste salbuespen bat kiroldegiarena da. Kasu horretan, eta argindarraren eta BEZaren igoerak baldintzatuta, %3,8ko igoera izango dute kiroldegiko prezio orokorrek.
Kiroldegiko prezio igoeraren barruan, baina, izango da baita ere salbuespenik, sarrera orokorra, helduei dagokiena jaitsi egingo dute-eta: gaur egun 6,10 euro ordaindu behar da; bada, datorren urtean 5 euro pasa ordaindu beharko dute.

Eta salbuespen modura kontsidera daiteke, baita ere, ondasun higiezinen gaineko zerga. Izan ere, hor ere %2ko igoera aplikatuko duten arren, igoera hori ez da erreala izango, etxeen edo eraikinen prezioen azken urteotako balio-galeraren eraginez.  

Osokoak onartu behar

Edozelan ere, zergen gainekoa proposamena besterik ez da; egueneko osoko bilkurak eman beharko dio behin betiko onespena. Momentuz, PP abstenitu egin zen Ogasun batzordearen bileran, eta jakiteko dago zela bozkatuko duen eguenean. Eta Alternatiba-Zutik koalizioak, berriz, jakinarazi du eguenean emango duela aditzera zein den bere botoa, Ogasun batzordearen txostena sakon aztertu ostean.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak