Datorren astean hasiko dira Gelmako biribilgunea egiten

Ubane Madera 2008ko ira. 29a, 19:29
Gipuzkoa etorbidean obretako semaforoa ipini zuten joan den astearen amaiera aldera; eta Obenerreka ingurutik Gipuzkoa etorbidera jaisteko errepide zatia itxita dago harrezkero. Errepide ondoan makina hondeatzaileak dabiltzalako ipini dituzte semaforoak. Horiek oraingo astean kenduko dituzte, baina obrak ez dira bukatuko, Gelmako biribilgunea eraikitzen hasi behar dira-eta.

Datorren astean, biribilgune berria eraikitzen hasteko asmoa dute, Obenerreka-Makatzenara igotzeko aldaparen parean. Bi zatitan egingo dituzte biribilgunearen obrak. Obenerrekatik, obra egiten dabilen enpresatik emandako azalpenen arabera, lehenengo biribilgune horren beheko aldea eraikiko dute, babes ofizialeko etxebizitzen aldera ematen duen zatia, alegia.

Zirkulazioa desbideratu
Zati hori egin ahal izateko, zirkulazioa apurtxo bat desbideratuko dute, goiko partetik. Hau da, gaur egun, Obenerrekara igotzeko dauden irlatxo bi horien ingurutik. Eta hain zuzen ere, desbideraketa egiteko, irlatxo txikia kendu egingo dute; eta kendu egingo dute, baita ere, irlatxo handiaren erdia. Joan den eguenean ibili ziren langileak irlatxo handiko lore, landare eta apaingarriak kentzen.

Biribilgunearen beheko zatiaren obrekin batera, etxe berrien urbanizazioaren barruan lorategi bi egingo dituzte.

Lehenengo zati hori eraikitzeko hiru bat aste beharko dituzte langileek. Eta behin zati hori bukatzean, atzera ere desbideratu egingo dute zirkulazioa, biribilgunearen goiko zatia eraikitzeko. Kasu horretan, baina, biribilgunearen beheko partetik pasako dira errepidearen bi noranzkoak.

Bigarren zatia
Bien bitartean, biribilgunearen goiko zatia egiten hasiko dira. Obra hori egin ahal izateko, Obenerrekarako pasoa guztiz itxi beharko dute; beraz, IFAM-eko etxe ingurutik edo Altamira ingurutik ibili beharko dute Obenerreka-Makatzena ingurura doazen ibilgailuek.

Biribilguneko obrak bukatzeko bi hilabete eta erdiko epea aurreikusi dute. Eta horrekin, errepide inguruari dagozkion urbanizazio obrak bukatutzat emango dituzte.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak