Horrekin batera, kontatu dute Gelmako antzinako lantegira sartzeko hesia ere kenduta dagoela joan den asteaz geroztik.
Biribilgune berria
Edozelan ere, ez dituzte inguru hartako obra denak bukatu. Datorren astean, biribilgune berria eraikitzen hasteko asmoa dute, Obenerreka-Makatzenara igotzeko aldaparen parean.
Bi zatitan egingo dituzte biribilgunearen obrak. Obenerrekatik emandako azalpenen arabera, lehenengo biribilgunearen beheko aldea eraikiko dute, babes ofizialeko etxeen aldera ematen duen zatia, alegia.
Zati hori egiteko, zirkulazioa apurtxo bat desbideratuko dute, goiko partetik. Hau da, gaur egun, Obenerrekara igotzeko dauden irlatxo bi horien ingurutik. Eta hain zuzen, desbideraketa egiteko, irlatxo txikia kendu egingo dute; eta kendu egingo dute, baita ere, irlatxo handiaren erdia. Joan den eguenean ibili ziren irlatxo handiko lore, landare eta apaingarriak kentzen.
Biribilgunearen beheko zatiaren obrekin batera, etxe berrien urbanizazioaren barruan lorategi bi egingo dituzte.
Lehenengo zati hori eraikitzeko hiru bat aste beharko dituzte langileek. Eta behin zati hori bukatzean, atzera ere desbideratu egingo dute zirkulazioa, biribilgunearen goiko zatia eraikitzeko. Kasu horretan, baina, biribilgunearen beheko partetik pasako dira errepidearen bi noranzkoak.
Zirkulazioa guztiz itxita
Bien bitartean, biribilgunearen goiko zatia egiten hasiko dira. Hori egin ahal izateko, Obenerrekarako pasoa guztiz itxi beharko dute; beraz, IFAM-eko etxe ingurutik edo Altamiratik ibili beharko dute Makatzena ingurura doazen ibilgailuek.
Biribilguneko obrak bukatzeko bi hilabete eta erdiko epea aurreikusi dute. Eta horrekin, errepide inguruari dagozkion urbanizazio obrak bukatutzat emango dituzte.