Datorren astean hasi eta maiatzera arte presoen aldeko sinadurak batuko dituzte

Ubane Madera 2009ko ots. 24a, 19:03
Etxez etxe egingo dute sinadura bilketa, ikusit "zaila dela jendearengana iristea kalean". Gura dute "azken batean pertsona bakoitzari azaldu zein den egoera". Izan ere, "egoera oso larria da kartzeletan eta ezin ditugu presoak bakarrik utzi", azaldu dute ekimena bultzatu duten elkartetik, Portaloira Topagunetik.

Astelehenean, martxoaren 2an hasiko dira arrasatearren sinadurak batzen, maiatzaren 3ra bitartean. Norbanakoen sinadurez gainera, eragileenak ere batu gura dituzte. Gero, batutako sinadurek babestuta, mozioa aurkeztu gura dute Arrasateko Udaletxean. Hori guztiori, oro har, presoen egoera salatzeko, eta bereziki, Arrasateko hiru presoren egoera salatzeko.

Jon Agirre, 28 urte kartzelan

"Jon Agirren kasua oso argia da: 28 urte kartzelan, gaixotasun larriak ditu eta hala eta guztiz ere ez dute askatzen", azpimarratu du Azkaratek. Salatu du 92. artikulua "behin eta berriro" ukatzen diotela Agirreri eta 2006an zigor osoa beteta izan arren, "beste bost urtez" luzatu diotela zigorra. 

Maiatzaren 11n beteko ditu Agirrek 28 urte preso. Egun horretan ekitaldia egingo dutela ere iragarri du Portaloria Topaguneak. 

Giltzurrun bakarrarekin

Josu Uribetxeberriaren egoera ere salatuko du Portaloira Topaguneak. Kontatu dute giltzurruneko minbizia izan eta giltzurrunetako bat kendu ostean, bakarrarekin bizi dela orain. "Eguneroko jarraipen medikua behar du, kartzelan jasotzea ezinezkoa dena. 92. artikulua ukatu zaio etengabe". 

Gaztañaga, 2018ra arte

Azkenik, Jose Inazio Gaztañagari ere "biziarteko espetxe zigorra ezarri" diotela ere salatuko du Portaloira Topaguneak, 2006an zigor osoa beteta izan arren, 2018. urte arte luzatu diotelako zigorra hari.

Maiatzean, mozioa

Herritarren zein eragileen sinadurak batuta, mozioa aurkeztuko dute Arrasateko Udaletxean; maiatzean egingo dute hori "sakabanaketa bukatu, gaixo larriak askatu, bizi arteko espetxe zigorra indargabetu eta Agirre, Uribe eta Gaztañaga askatzeko eskatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak