Dantza, mugimendua... izan ziren emanaldiaren ardatza, eta nerabezaroa, haurdunaldia eta menopausia garaia gai nagusiak. Inolaz ere, gorputz adierazpenari dagokionean bikain aritu ziren antzezleak, hala ere, dantza bakoitzak adierazi gura zuena ulertzea ez zen hain erraza egiten momentu batzuetan. Errealaren eta abstraktuaren arteko soka finean dantzan aritu ziren antzezleak une askotan, ikuslegoan harridura sortuz.
umore aldaketak muina
Neurrigabeko barre algarak, bat-bateko umore aldaketak, norbere existentzia zalantzan ipintzen duten galderak, emakumearen sentsualitatea... horiek eta gehiago izan ziren Lilas ikuskizunaren bilakaeraren oinarri. Eskenatokiarekin asko egin zuten jolas dantzari antzezleek, emakumearen konplexutasunak eta eskenatokiaren konposizioak bat egin gura izango balute bezala; hala, atmosferarekin eta giroarekin asko egin zuten jolas antzezleek. Dantza eta antzerkia uztatzen dituen ikuskizunaren oinarri ukaezina gorputz adierazpena bazen ere, une askotan faltan botatzen ziren argumentua edota antzezlanaren nondik norakoak garbi azalduko zituen elkarrizketa edo testu zatiak. Hala ere, ezin uka antzezleek berba egin zuten une urriek argitzen zutela nolabait istorioaren ildoa.
Dena den, barre alagarak bota ziren faltan Amaia Antzokian. Umorez bai, baina algararik eragin barik garatu zen-eta saioa.