Dani Carrillo 'stuntman'-a da Motorrero Eguneko izarra

Mireia Bikuña 2010ko eka. 18a, 11:31
Hirugarrenez Motorrero Eguna ospatuko dute bihar Arrasaten. Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, baina, zalantza barik, ekitaldi ikusgarriena Dani Carrillo espezialistaren erakustaldia izango da. Montmeloko (Bartzelona) gidariak stunt show-a egingo du bi motorrekin 19:30ean. Denetariko akrobaziak eta salto arriskutsuak egingo ditu. Aprendizen Eskola atzean itxita dagoen errepidean egingo du saioa Carrillok.

Plastikozko motortxoak

Motorrero Eguneko antolatzaileen helburua adin guztietako pertsonengana heltzea da. Horregatik, haurrendako ekintzak antolatu dituzte. "Etorkizuneko motorzaleekin" kalejira egingo dute Laubide plazatik. Txikienek plastikozko motortxoak erabiliko dituzte. Umeen artean gozokiak banatuko dituzte.
Bazkalostean ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute parte-hartzaileek, eta Laubide plazara heltzen direnean jolasak egingo dituzte. Era berean, musikak lekua izango du motor doinuen artean. Dirty Brothers arrasatearrek zuzenekoa egingo dute. Disko berriko kantuak eskainiko dituzte, besteak beste.

Eguraldiaren zain

Antolatzaileek 200 bat parte-hartzaile espero dituzte biharko, baina zerura begira, eguraldiaren zain daude. "Horrelako kontzentrazioetan, eguraldiak zeresan handia dauka. Astea oso euritsua izan da, baina badirudi bihar ez duela euririk egingo", esan digu antolatzaile taldeko Koldo Atxotegik.
Herritarrak ekitaldietan parte hartzera animatu gura dituzte. "Motorzale izan edo ez, egitarau polita osatu dugu. Motorren erakustaldia ederra izango da, eta Dani Carrillok egingo duen ikuskizuna, sekulakoa. Akrobazia ikaragarriak egingo ditu. Guztiak zaudete gonbidatuta", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak