Dagoeneko salgai dago 'Malbe' zenaren gaineko liburua

Eguerdian Fresnesko (Frantzia) espetxeko gizonen eta emakumeen moduloetan; eta arratsaldean Arrasateko Kulturateko kalistroetan aurkeztu dute 'Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza' liburua. Jende asko hurbildu da Marixol Iparragirrerekin batera liburua egin duen Joseba Garitaonandiaren aurkezpena entzutera eta liburua erostera.

Kajakada pare bat liburu saldu dituzte aurkezpenean, baina oraindik bada aukera berau eskuratzeko. 20 eurotan saltzen dute eta berarekin egutegi handi bat dator opari.

Astelehenean, Santamas egunean, postua jarriko dute Biteri plazan; eta dagoeneko, beste hainbat saltoki ere zehaztu dituzte: Arrasateko erdiguneko bi prentsa-kioskoetan, Otxoa pentsu-dendan eta Elkarren; Eskoriatzan Inkernu tabernan; eta Aretxabaletan Pagaldaixenien eta erdiguneko kioskoan, hain zuzen ere. 

Leintz ibarreko adin batetik aurrerakoendako Malbe artzain eta baserritarra zena ezaguna da oso. Batzuek bihotz oneko gizon moduan gogoratuko dute, beste batzuek haren mozkorraldiengatik, xelebrekeriengatik edota izan zituen ika-mika eta epaikengatik. Are gehiago, badira Malbe-ri beldurra ziotenak ere.

Argi dagoena da 1888an Bedoñan jaio eta 79 urterekin hil zen baserritar hark arrastoa utzi zuela jende askorengan. Horretan eragina izan zuen bere izateko modu independente, borrokalari eta jarrera irmoak. Gauzak argi bazituen, ez zegoen hura geldituko zuenik. Adibide moduan, hainbat pretendiente izan zituen arren, mutil-zahar gelditu zen, ezkondu barik bizi gura zuelako.

Herri-lurrak

Ezagutu zutenek gogoan daukaten beste gauza bat da Malbe-k hil artean ahotan izan zuen aldarrikapena: "¡Aguas y pastos libres!". Bedoñarra artzaina izanda, ika-mika, liskar eta epaiketa ugari izan zituen, bere artaldea iraganean herri-lurrak izan ziren larre eta basoetan bazkatzera eramaten zuelako.
Liburuaren egileek, Marixol Iparragirrek eta Joseba Garitaonaindiak, Malbe-ren biografia zabala landu dute, liburuko protagonista ezagutu zuten hainbat herritarren esanak batuta.

Horrez gain, egileek inguruetako artxibategi asko arakatu dituzte "¡Aguas y pastos libres!" delako aldarrikapenaren nondik norakoak eta iturria ezagutu ahal izateko. Historiak arrazoia eman omen dio Malbe-ri. Hala egiaztatzen dute, adibidez, Oñatiko Protokolo Artxiboan aurkitutako hainbat dokumentuk. Han jasotakoaren arabera, iraganean hainbat udalek herri-lurrak saldu behar izan zituztenean, erabilerarako baldintza zehatz batzuk jarri zituzten, gaur egun betetzen ez direnak. Adituek dokumentuon garran-tzia azpimarratu dute.

Horiek guztiak eta joan den mendean baserri inguruko bizimoduaren deskribapen zabala bi egileek euren kasa kaleratu duten liburu baten batu dituzte, Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza izena daukana. 100 orrialdetik gora ditu eta eskuragarri egongo da astelehenean Biteri plazan eta baita Leintz ibarreko hainbat saltokietan ere. 20 eurotan dago eskuragarri, eta berorrekin egutegi bat oparitzen dute.

Liburua euskaraz kaleratu dute eta hainbat tarte bertako euskalkian jasota daude, jatorrizko elkarrizketak errespetatzeko.

Garitaonaindiak eta Iparragirrek materiala batu eta forma eman diote; eta Mikel Albisuk zuzenketak egin ditu. Testigantzak Bixente Pagoagak, Joxe Iturbe Piloto-k, Matromei baserriko Eulalik eta Joxe Uribesalgok egin dituzte. Lana auzolanean egin dutela diote.
Liburuaren aurkezpena astelehenean egin zuten, bi lekutan. Eguerdian Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk Fresnesko (Frantzia) espetxeko emakumezkoen eta gizonezkoen moduluetan; eta arratsaldean, Joseba Garitaonaindiak Arrasateko Kulturateko kalistroetan.

"Kontatu ez diguten historia zati bat jasotzen saiatu gara, gure baserrietakoa" (Marixol Iparragirre eta Joseba Garitaonaindia)

 

Noiz eta zelan bururatu zitzaizuen Malbe-ren gainean idaztea?

 

Orain dela pare bat urte Marixol eta biok elkarri gutunak bidaltzen hasi ginen eta Malberen gainean idaztearen aukera aztertzen hasi ginen. Aurretik jakin dugu iraganean beste batzuk ere asmo hori izan zutela, baina ez zutela egin.

Zer izan da zailtasun handiena?

 

Ni ezta Marixol ez gara idazleak. Eskerrak Mikel Albisuk lagundu gaituela. Horrez gain, Marixol Fresnesko espetxean dago eta komunikazioa oso mugatuta dauka. Idazten nion bakoitzean denbora luzea ematen zuen nik erantzuna jaso arte. Gerora, kostata, bisitak egitea lortu nuen. Jende askoren laguntza izan dugu, auzolanean egin dugu.

Eta oso esanguratsua da preso dauden herritarrek historiari halako ekarpen garrantzitsua eman izana. 

Zein izan da egin duzuen aurkikuntza garrantzitsuena?

 

1853an Aretxabaletako herri-lurrak zer baldintzekin saldu zituzten deskubritu izana. Horrek arrazoia ematen dio Malbe-ri, bere betiko aldarrikapenari.

Zer lortu duzue?

 

Kontatu ez diguten historia jasotzea, eta asko ikasi dugu. Ondorengo belaunaldietarako oso interesgarria da. Are gehiago, gaur egun daukagun bizitzeko eredu zoroarekin.

Eta zelan gogoratuko duzue Malbe?

 

Pertsona bitxi eta xelebrea zen, baina ideia oso argiak zituena. Industriari bizkarra eman zion. Bere figura duindu dugu.

Non eskuratu dezakegu liburua?

 

Arrasaten erdialdeko bi egunkari kioskotan, Aretxabaletan Pagaldaixen eta kioskoan eta Eskoriatzan Inkernu tabernan.

Beste zerbait esan gurako zenukete?

 

Bai. Olentzerok jakinarazi digu ibarreko preso eta errefuxiatuek ere liburu hau Gabonetan jasoko dutela. Eurendako ere bada-eta.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.